Euskotren liga irabazteko beste pauso bat eman du Orio-Orialkik

Juan Luis Romatet 2022ko abuztuaren 14a

Ondarroako bandera irabazi ondoren, zazpi puntuko aldea ateratzen dio Orio-Orialkik Donostia Arraun Lagunaki.

Ondarroak hartu du gaur arratsaldean Euskotren ligako hamaikagarren estropada puntuagarria, IV Ondarroako Bandera Cikautxo SN, hain zuzen. Aurreko estropadetan bezala, Orio Orialkik eta Donostia Arraun Lagunakek borroka estua eskaini dute lehen paladetatik. Lan erditarako segundo bateko aldea ez zegoen ziaboga lehen postuan eman duen Orio eta bigarren eman duen Arraun Lagunaken artean: 5:21 lehenek eta 5:22 bigarrenek. Donostiarra (5:24) eta Tolosaldea (5:27) ez ziren oso urruti.

Joaneko luzean bezala, bueltakoan ere borroka mantendu dute ligako lehen postuan doazen bi ontziek. Hortzak estutu eta arraunean jarraitu dute oriotarrek garaipena ziurtatu arte. 10:38,24 denbora egin du Orio-Orialkik Ondarroan, Donostia Arraun Lagunakek baino hiru segundo gutxiago (10:41,48). Donostiarra izan da hirugarren (10:44,06) eta Tolosaldea laugarren (10:49,18).

Ligako hamaikagarren estropadaren ondoren, lider jarraitzen du Oriok 42 punturekin. Donostia Arraun bigarren da, 35 punturekin; Donostiarra hirugarren, 18 punturekin, eta Tolosaldea laugarren 15 punturekin. 

Atsedenerako denborarik gabe, bihar bertan izango dute hurrengo estropada Euskotren ligako lau ontziek. Kantabrian izango dute hitzordua, Castro Urdialesen jokatuko den IV. Caixabank bandera, hain zuzen. 11:40ean hasiko da estropada.

Getaria eta Orio, zortzigarren eta bederatzigarren

Eguradi aldaketa batek dena baldintzatu dezake arraun munduan; lehen txandan atera den ontzi batek bandera irabaztea bera ere bai. Hala gertatu da gaur arratsaldean Ondarroako uretan jokatutako XXXVIII Ondarroako Bandera-Cikautxo SN estropadan. Lehen txanda amaitu ondoren eguraldiak aldaketa izan du, eta ondorengo bietan aritu diren ontziek ezin izan dute lehenengokoen denborak hobetu.

Ohorezko txandan aritu da Orio-Orialki, Urdaibai, Donostiarra eta Hondarribiarekin batera. Estatxara hurreratu direnean bazekiten arraunerako baldintzak ez zirela lehenengo txandako berberak. Bigarrengoan aritu diren lau eskifaiak ez dira gai izan, ustez, beraiek baino ahulagoak diren ontzien denborak hobetzeko. Hala gertatu da hirugarrengoan ere: ligako oilarrek ezin izan dute sailkapeneko beheko postuetan dauden klubek baino denbora hobeagoak egin.

Oriok bigarren denbora onena egin du lehen ziabogan, baina bueltako, bigarrengoan, atzean geratu da, eta bere txandako laugarren postuan jarraitu du estropada osoan zehar. Urdaibaiek irabazi du txanda, Hondarribiaren, Donostiarraren eta Orioren aurretik. Getariako Esperantza-k bigarren txanda irabazi du, baina, hala ere, sailkapenaren behekaldean geratu da. Bederatzigarren geratu da Getaria, eta haren atzetik, bigarren txandako gainontzeko traineruak: Zierbena, Kaiku eta Lekittarra. 

Bandera, baina, etxean geratu da, Ondarroan, Antiguako Amak irabazi duelako gaurko estropada, lehen txandatik aterata. Lehen txandan aritu den Cabo izan da gaurko hitzorduan bigarren. Orio, sailkapen orokorrean, zortzigarren izan da.

Hemen ikus daitezke gaurko estropadak eman dituen denborak. 

Sailkapen orokorrean, ligako hamahiru estropada jokatuta, laugarren da Orio-Orialki 120 punturekin. Koska bat beherago puntuetan, bosgarren doa Getaria, 80 punturekin.  

Bihar izango dute ligako hamalaugarren hitzordua. Kantabrian izango da, Castro Urdialesen jokatuko den X. Caixabank bandera, hain zuzen. 12:13an hasiko da lehia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide