Orio Orialki emakumeen taldeak irabazi du Getariako Bandera

Aiora Larrañaga 2022ko abuztuaren 7a

Eusko Label Ligako jardunaldian, Orioko gizonezkoen taldea bigarren sailkatu da, Urdaibairen atzetik. Etxeko taldea, berriz, hirugarrena izan da ohorezko txandan eta zazpigarren postua lortu du estropadako sailkapenean.

Gaur Getarian jokatu dituzte Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak eta arraun ikuskizun bikainaz gozatzeko aukera izan dute arraunzaleek. Emakumeen norgehiagokan Orio Orialkik nagusitasunez irabazi du estropada, hasieratik estropadaren buruan jarrita. Hala, ligako zortzigarren garaipena eskuratu du.

Orio Orialkik eta Getariak jokatu dute Eusko Label Ligako jardunaldia. Oriotarrak bigarren txandan jardun dira arraunean, Lekeitio, Ondarroa eta Caborekin batera, eta nagusitasuna erakutsi dute beren txandan. Izan ere, estropadak aurrera egin ahala, aurkariei ateratzen zien errenta nabarmen handitzea lortu du Oriok; bukaeran, txandako aurkariei 22 segundotik gora atera dizkie. Oriotarrak bigarren txandan aritu badira ere, bandera irabazteko helburua izan dute uneoro gogoan. Burua hotz mantendu dute estropadan zehar, erreferentziarik gabe, ohorezko txandakoen denborak hobetzeko ahalegina eginez. Azkenean, bandera ez, baina bigarren sailkatzea lortu dute.

Ezustekoa gertatu da Getariako Esperantza ontziak arraunean egin duen ohorezko txandan, estropadaren buruan zihoan Hondarribiak lehen ziaboga estriborretik hartu baitu, banderaren lehiatik guztiz aldenduz. Berriz hartu behar izan dute ziaboga hondarribiarrek, minutu erdi baino gehiago galduz. Orduan, Urdaibai jarri da aurretik, eta bandera irabaztea lortu du Bizkaiko taldeak. Getaria hirugarrena izan da bere txandan eta zazpigarren postua eskuratu du estropadako sailkapen nagusian, Bigarren denborarik onena, berriz, Oriok markatu du gaurko jardunaldian, ohorezko txandan aritu diren, Donostiarra, Getaria eta Hondarribiaren aurretik.

Emakumeen estropadako sailkapena

Gizonen estropadako sailkapena

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide