Pasa den ostegunean, uztaileko udalbatzarrean landu zituzten gaien artean, adostu zuten Karela kiroldegiko oreka ekonomikoa bermatzeko hainbat neurri hartzea; kiroldegiko langileen soldata igoera eta erregaien prezioen igoerak sortutako gainkostua udalak bere gain hartzea, alegia.
Dagokion bi urtetako kontratu luzapenari uko egin zion BPXport enpresak pasa den urrian, egoera horretan ezin duela jarraitu arrazoituta. Urtarrilaren 31an amaitu zitzaion kontratua, eta ordutik legeak baimentzen duen bederatzi hilabeteko malgutasun luzapenarekin lanean ari da. Hala ere, urrian amaituko da epe hori, eta egoerari irtenbidea emateko bi aukera proposatu ditu kirol teknikariak Karela kiroldegiaren inguruan egindako txostenean: lehiaketa berria ateratzea; edo luzapen berri bat adostea enpresarekin eta denbora horretan herriko kirolaren azterketa egin eta zerbitzu berria diseinatzea, ondoren oinarri horiek kontuan hartuta lehiaketa publikoa deitzeko.
Udaleko kirol teknikariaren gomendioa izan da luzapena bideratzea, eta hala onartu zuen udalbatzak ere. Dena dela, ezinbestekotzat jo zuten kiroldegiaren oreka ekonomiko-finantzarioa mantentzeko egokitzapenak egitea.
Langileek, esaterako, azken hamar urtetan ez dute eguneratzerik izan soldatetan, eta horren aurrean udalbatzak erabaki du zentroko lan hitzarmena izenpetzea, eta hori aintzat hartzea etorkizuneko kontratuetan. Horrek honako kostua izango luke: 2022an 118.342 eurokoa eta 2023an 143.062 eurokoa; urteko batez bestekoa, 130.702 euro, hain zuzen ere.
Karela kiroldegiko langileak gustura daude neurriarekin. «Denbora asko daramagu gai horrekin bueltaka», azaldu du Pablo Iriso kiroldegiko langileen ordezkariak. «Izan ere, gu udalak azpikontratatuta duen BPXport enpresako langileak gara. 2012tik izoztuta izan dugu soldata, indarrean zegoen lan hitzarmenaren iraunaldia amaitu zelako. Izurritearen aurretik hasi ginen zentroko lan hitzarmena sortzeko negoziatzen udalarekin eta enpresarekin, baina koronabirusak eten egin zuen prozesua». Horren aurrean, 2020an udalbatzarrean landu zen gaia eta udalbatzak partida bat onartu zuen 2020an eta 2021ean kiroldegiko langileen soldatak egokitzeko, baina ez zuten sinatu lan hitzarmenik. «Horregatik, 2022an sartzearekin batera, berriz ere 2012ko soldatetara itzuli gara. Guretzat garrantzitsua da udalbatzak zentroko lan hitzarmena izenpetzeko konpromisoa hartzea, horrek gure eskubideak bermatzen dituelako», zehaztu du langileen ordezkariak.
Erregaien prezioa gora
Erregaien prezioen igoerari aurre egiteko neurria ere onartu du udalbatzak. Izan ere, azken hilabeteetan izandako igoerarekin, orain arte aurreikusitakoa baino gehiago gastatu da; 25.589 euroko gainkostua izan da argindarrean eta 32.586 eurokoa gasaren fakturan; guztira, 58.176 euro. Orain arteko joera urte guztira bihurtuta, gutxi gora-behera 116.000 eurotako gainkostua izatea aurreikusi du kirol teknikariak 2022rako.