Asteburu biribila Orio Orialkiko neskentzat

Maria Maya Manterola 2022ko uzt. 31a, 13:56

Orio Orialki nagusitu da Lekeition jokatutako estropadan, nabarmen. Traineru horiak ia hamar segundoko aldea atera dio bigarren egin duen Arraun Lagunaki.

Asteburu biribila izan dute Orioko neskek. Getxoko Ikurrinaren estropada irabazi zuten atzo, eta gaur ere traineru horia izan da nagusi Euskotren Ligaren barruan Lekeition jokatutako estropadan. 

Haizeak eta itsasoaren egoerak baldintzatutako estropadaren hasieran lortu dute oriotarrek lasterketaren buruan kokatzea, eta ziaboagaren ondoren egonkortu dute Arraun Lagunaki ateratako aldea. Kronometroak 11:12,88ko denbora markatzen zuen Oriok helmuga zeharkatu duenean, eta ia hamar segundu beranduago helmugaratu da Arraun Lagunak. 

Asteburu honetako emaitzei esker, beren lidertza sendotu dute oriotarrek. Ondorengoa da gaur gaurkoz Euskotren Ligako sailkapen orokorra:

1 ORIO ORIALKI 30
2 DONOSTIA ARRAUN LAGUNAK 26
3 NORTINDAL DONOSTIARRA UR KIROLAK 100 13
4 TOLOSALDEA ARRAUN KLUBA 11

Eusko Label Ligan ere errepikatu egin dute oriotarrek atzoko emaitza. Ohorezko txandan aritu da Orio Orialkiko trainerua, eta estropadaren amaierara arte itxaron behar izan dute zaleek irabazlea nor izango zen argitzeko, lehia estua izan baitute Hondarribiak eta Urdaibaik. Traineru berdea nagusitu da azkenean, eta 22 segundo beranduago zeharkatu du helmuga horiak. 

Beren txandako bizkorrenak izan dira getariarrak bigarren egin duen Cabo da Cruzi hamar segundoko aldea aterata, baina ohorezko txandako traineruen lan ona tarteko, seigarren egin du Esperantza-k gaurko estropadan. 

Hemen ikus daitezke estropadako denborak eta sailkapena. Sailkapen orokorra, berriz, ondorengoa da: 

1 MATRIX HONDARRIBIA 111
2 AMENABAR DONOSTIARRA UR KIROLAK 100 108
3 BERMEO URDAIBAI 104
4 ORIO ORIALKI 96
5 KAIKU BEREZ GALANTA 62
6 GETARIA 61
7 ZIERBENA BAHIAS DE BIZKAIA 57
8 CR CABO DA CRUZ 41
9 LEKITTARRA ELECNOR 39
10 ONDARROA CIKAUTXO 35
11 ITSASOKO AMA-SOTERA 34
12 CLUB DE REMO DE ARES 31

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide