Oriotarrek ezin izan dute Euskadiko bandera etxeratu gaur eguerdian Lekeition jokatu den Euskadiko Traineru Txapelketan. Estropada onak egin dituzte Orio Orialkiko gizonezkoek zein emakumezkoek, baina bigarren sailkatu dira biak, nork bere txanda irabazi arren.
Irabazleek, izan ere, erakustaldia eman dute gaurkoan: Urdaibaik gizonezkoetan, eta Arraun Lagunak taldeak emakumezkoetan. Biek segundo askoko aldearekin igaro dute helmuga gaurkoan.
Getaria ere sailkatuta zegoen estropadarako, eta Orioren txandan jokatu du. Horren atzetik helmugaratu da lan ona eginez. Sailkapen orokorrean, berriz, bosgarren izan da.
Urdaibai bikain gizonezkoetan
Urdaibai izan da gizonezkoetan Euskadiko Traineru Txapelketako garailea merezimendu osoz, hemezortzi segundoko aldea atera baitio Bizkaiko taldeak Orio Orialkiri. Erreferentziak alde zituen Urdaibaik, lehenengo txandan aritu delako Orio, baina hala ere, erakustaldia eman dute bizkaitarrek.
Lehenengo txandan, dotore egin dute arraun oriotarrek, Getariarekin, Ondarroarekin eta Kaikurekin batera, eta 27 segundoko aldea atera dio bigarren izan den Getariari. Beste taldeak oso atzean gelditu dira.
Lan ona egin arren, ordea, bigarren txandan Urdaibaik beste guztiak atzean utzi ditu. Izan ere, bere txandan bigarren izan den Donostiarrari, esaterako, 31 segundoko aldea atera dio Urdaibaik.
Sailkapen orokorrean, beraz, bigarren izan da Orio, eta bosgarren, berriz, Getaria.
Sailkapena:
1.-Urdaibai 20:55,22
2.-Orio (+18,17)
3.-Donostiarra (+31,40)
4.-Zierbena (+45,28)
5.-Getaria (+46,09)
6.-Hondarribia (+1:00,51)
7.-Ondarroa (+1:14,46)
8.-Kaiku (+1:57,14)
Arraun Lagunak taldearentzat bandera
Emakumezkoetan, berriz, Arraun Lagunak izan da garailea. Txanden eta kaleen artean aldea egon da, gaurkoan Orio Orialkiren kalterako. Arraun Lagunak aurkari zuzena aurreneko txandan lehiatu da, eta Orio bigarrenean, eta hamazazpi segundoko aldea aterata, donostiarrak izan dira Euskadiko txapeldun.
12:00etan puntuan abiatu da emakumezkoen txapelketa, eta bi txandatan banatuta jokatu dute: lehenengo txandan Donostiarra, Arraun Lagunak, Hibaika eta Hondarribia lehiatu dira, eta bigarrenean Orio, Ondarroa, Deustu eta Tolosaldea.
Orio erraz nagusitu da bigarren txandan, 25 segundoko aldea aterata bigarren helmugaratu den Tolosaldeari, baina Orioren denbora (11:38,24) ez da nahikoa izan Arraun Lagunak garaitzeko, horrek 11:20,88 denboran egin baitu estropada.
Nadeth Agirre oriotarren patroiak ETB1 telebista kateari egindako adierazpenetan, azpimarratu du guztiek ez dituztela baldintza berak izan, eta horrek eragina izan duela. "Hasieratik genekien gure aurkari zuzenak beste txandan ariko zirela eta diferentzia egongo zela txanden artean. Gure kaletik ahal duguna egiten saiatu gara, eta denentzat baldintza berak egon izan balira emaitza ez zitekeen hau izango. Dena dela, hau ez da hemen bukatzen, eta orain ligari begira buru-belarri jarriko gara".
Sailkapena:
1.-Arraun Lagunak 11:20,88
2.-Orio (+17,36)
3.-Hondarribia (+21,39)
4.-Donostiarra (+22,35)
5.-Tolosaldea (+42,50)
6.-Hibaika (+50,12)
7.-Ondarroa (+1:25,36)
8.-Deusto (+1:31,69)