Santurtzin jokatu da gaur Eusko Label ligako jardunaldia

Juan Luis Romatet 2022ko uztailaren 24a

Santurtzitik Bilbora dio abestiak, baina kasu honetan Sestaotik Santurtzira mugitu da Eusko Label liga. Gaur eguerdian jokatu da liga honetako zortzigarren jardunaldia.

Sestaotik Santurtzira. Ezkerraldeko herri batetik bestera mugitu da ordu gutxiren bueltan Eusko Label liga. Atzo, larunbata, Sestaon izan zuten estropada, eta gaur eguerdian Santurtzin; Santurtziko XLIII. Ikurriña izan da gaur jokoan, alegia.

Orio Orialki ohorezko txandan aritu da gaur ere. Atzo ez bezala, ziabogara bere txandako lehen postuetan sartu da, eta denborarik onena markatu du Hondarribiarekin batera. Bigarren luzean, baina, txandako beste hiru ontziek aurreratu dute, eta bigarren ziabogarako hamar segundoko aldea ateratzen zion traineru berdeak. Hirugarren luzean zertxobait hobetu du lana Orioko traineruak, eta Donostiarrarekin batera eman du buelta ziabogan. Bi ontzi hauen artean izan da borroka hirugarren postua erabakitzeko, lehen bi postuak ordurako nahiko zehaztuta zeuduelako. Hala, Hondarribia izan da gaurko estropadaren irabazlea –asteburu ezin hobea, jokatutako bi estropadak irabazi dituelako–, Bermeo bigarren, Donostiarra hirugarren eta laugarren Orio Orialki. 

Getariak, berriz, ezin izan du hobetu bezperan Sestaon lortutako zortzigarren postua. Hamaikagarren izan da Esperantza ontzia Santurtziko uretan. Bigarren txandan aritu da Getaria gaurko estropadan, eta ez da ondo moldatu Santurtziko estropada eremura. Bere txandako denbora okerrena egiteaz gain, lehen txandan aritu diren Ares, Santurtzi eta Ondarroak getariarrek baino denbora hobea egin dute. 

Hemen ikus daitezke gaurko estropadak eman dituen denborak. 

Asteburuko bi estropaden ondoren, Orio Orialki sailkapen orokorreko laugarren postuan da, 78 punturekin, eta Getaria zazpigarren 47rekin. Hondarribiak hartu du lidergoa (88 puntu), Donostiarra da bigarren (86) eta Bermeo hirugarren (83)

Getxon eta Lekeition izango dira Eusko Label ligako hurrengo bi estropadak. Larunbatean Getxoko Estropaden XLIV Ikurriña - J.A. Agirre Lehendakariaren XVIII. Omenaldia izango da jokoan, eta egun bat geroago, igandean, XIII. Getariako Ikurriña - 500. Urteurrena Saria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide