Ibaizabalen jokatu da gaur arratsaldean Eusko Label ligako zazpigarren jardunaldia, Sestaoko Udalaren XXI. bandera, hain zuzen. Ibai horretako kaleekin eta korronteekin asmatzea ez da lan samurra izaten, eta horretan asmatzen saiatu dira ontziak.
Eskualdeko ontzien lanei so eginez, Orio Orialkik lortu du emaitzarik onena, baina bandera irabazteko borrokatik kanpo geratu da. Ohorezko txandan aritu da Hondarribia, Bermeo eta Donostiarrarekin batera. Lehen ziabogarako bi traineruko aldea atera dio Bermeok, eta hurrengoetan ez da gai izan aldea jan eta estropadako burura hurreratzeko. Txandako, eta estropadako sailkapeneko laugarren postua lortu du gaur Oriok.
Getaria, berriz, bigarren txandan aritu da, Zierbena, Kaiku eta Lekittarrarekin batera. Bere txandako hirugarren denbora onena egin du Esperantzak, baina lehen txandan aritu den Cabo da Cruzek segundo bat gutxiago behar izan du lana bukatzeko. Hala, gaurko estropadan zortzigarren postua erdietsi dute Getariakoek.
Hemen ikus daitezke gaur estropadako denborak.
Bihar Santurtzin jokatuko da Eusko Label ligako jardunaldia, Santurtziko XLIII. Ikurriña alegia. 12:13an hasiko dira ontziak lanean.