Orio-Orialki emakumezkoen txalupak irabazi du Fabrika Bandera

Aiora Larrañaga 2022ko uztailaren 3a

Euskotren eta Eusko Label Ligetako bigarren jardunaldia jokatu da gaur Donostian, Fabrika Bandera, hain zuzen ere. Hala, atzo ibaian erlojuaren aurka jokatutako estropadak, itsasoko lehiari eman dio lekukoa, eta arraun ikuskizun politaz gozatzeko aukera izan dute arraunzaleek.

11:40ean hasi da emakumezkoen norgehiagoka eta Orio-Orialki emakumezkoen taldeak lan bikaina egin du, Fabrika Bandera irabaziz. Itsaso bihurria zegoen, eta patrontza lana erabakiorra izan da estropadan. Izan ere, brankaz Orio eta Arraun Lagunak pare-parean ibili dira, baina poparean aurre hartu dute oriotarrek, Nadeth Agirrek egindako patrontza lan onari esker. 

Eusko Label Liga

Getariak ere lan ona egin du bigarren txandan. Estropadaren lehen erdian Urdaibairekin berdinduta ibili da estropadaren buruan, baina bigarren ziabogatik aurrera ihes egin du Bermeoko  taldeak, eta aurkariei ateratzen zien tartean handitzea lortu du gainera. Azkenean, Getaria bigarren postuan sailkatu da bere txandan, eta bosgarren izan da sailkapen nagusian.

Orio-Orialkik ohorezko txanda jokatu du, atzo estropada irabazita liderra baitzen ligan. Dena dela, gaurko lehia gora-beheratsuagoa izan da, eta oriotarrek ez dute lortu estropadaren buruan jartzea. Hasieratik, Donostiarrak eta Hondarribiak aurre hartu diote talde horiari, eta hirugarrena izan da txandan eta laugarren sailkapen nagusian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide