Orio-Orialkik irabazi du Eusko Label Ligako Bilboko Bandera

Aiora Larrañaga 2022ko uztailaren 2a

 

Eusko Label Ligako lehen estropada jokatu da gaur Bilbon, arraun adituen iritziz, erlojuaren aurkako proba zorrotza eta gogorra, eta Orio-Orialki gizonezkoen txalupak irabazi du bandera. Hasieratik estropadaren buruan jarri da taldea Donostiarrarekin batera, baina bigarren ziabogan Donostiako taldea balizan kateatuta geratu da eta segundoak galdu ditu. Hala, Orio jarri da lehen postuan lan erditan, eta tarteari eustea lortu du, estropadako denborarik onena eginez.

Getariak ere ezustekoa eman du ligako lehen estropadan. Iaz lortu zuen mailan igotzea eta gaur egin dute getariarrek debuta Eusko Label Ligan. Bigarren atera da erlojuaren aurkako proban eta indartsu ekin dio estropadari. Hala, lehen txandako ontzien artean bigarren postuan kokatu dira hasieran, baina hirugarren luzetik aurrera aurre hartu dio Kaikuri, txanda irabaziz. Estropada ona egin du Getariak (20:16:68), Kaikuri (20:19:66) ia hiru segundoko aldea aterata. Sailkapen nagusian zazpigarrena izan da eta bigarren txandan jokatuko du bihar Donostiako Bandera.

Orioko emakumezkoen txalupa bigarren

Orioko emakumezkoen txalupak indartsu hasi du Bilboko erlojuaren aurkako estropada hasieratik, eta estropadaren buruan jarri da Arraun Lagunak taldearekin batera. Hala ere, lehen luzean denbora hobea markatu du Donostiako taldeak, Orio-Orialkiren denbora lau segundotan hobetuta. Korrontea eta haizea ibaiaren erditik zetozen estropadan zehar, eta oriotarrek jakin dute ibilbide egokia hartzen, hala ere, ez dute lortu Arraun Lagunakek lehen luzean ateratako denbora errekuperatzerik eta Euskotren Ligako lehen bandera Arraun Lagunak taldearentzat izan da.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide