Kataluniako Vilafranca de Penedesko castellers-ek bihotzean daramate Orio. 2018ko uztailaren 14an bederatzi solairuko giza dorrea egin zuten Herriko Plazan, eta lorpen hura gogora ekarriz, gaur Plaça de nou izendatu dute Oriokoa. Herrialde Katalanetan ohitura dute bederatziko dorreak egiten dituzten plazak horrela izendatzeko, baina handik kanpo oso gutxi dira; hain zuzen ere, Oriokoa da Euskal Herriko lehenena eta munduko seigarrena.
Udaletxeko kanpoaldeko horman plaka bat jarrita gorpuztu dute izendapena gaur eguerdian. Ekitaldian Vilafrancatik etorritako 220 bat castellers-en bi ordezkarik eta Anuska Esnal Orioko alkateak eta Jabier Zabaleta euskara teknikariak hartu dute parte, plaza bete jende begira zutela. Esnal izan da hitza hartzen aurrena. Nabarmendu du herri bakoitzak bere era duela komunitatea egiteko eta kultur ondarea zaintzeko, eta Vilafrancakoentzat castells-ak liratekeena oriotarrentzat errioa dela. "Hori da batzen gaituen, kultur ondarea bizirik berritu nahia; hori da batzen gaituena, komunitatea modu osasuntsuan berritzea". Eskerrak eman dizkie, eta gaineratu du "gaur hemen sentitzen duguna gure bihotzetan geldituko dela, plaka horman bezala". Jarraian, Zabaletak hartu du hitza, eta Esnalek euskaraz esandakoa katalanez esan du hark.
Haren atzetik, Vilafrancakoen txanda izan da, eta haiek ere bi hizkuntzatan jardun dira; Carles Matak katalanez aurrena, eta Ivo Jordak euskaraz gero. Jordak esan du beraientzat plazer handi bat dela Orion egotea. "Euskal Herrira etortzea beti da plazera, baina bereziki Orioko plaza oso berezia da guretzat. Bederatzikoa oso leku gutxitan egin dugu: Shanghain (Txina), Bombayn (India)... eta Orion".