Martin Perona musikari eta eskulanetan adituak omenaldi beroa jaso zuen atzo eguerdian, bera kide den Andoaingo Gora Kaletxiki bandaren ekimenez. Hitzordua 12:00etarako jarri zuten arren, musikariak eta ikus-entzuleak presarik gabe joan ziren plazara bertaratzen, eta baziren 12:30ak emanaldiari ekin ziotenerako.
Denera hamar kanta jotzeko intentzioarekin taularatu ziren andoaindarrak: horietatik bederatzi, Euskal Herriko zein Orioko kanta ezagunen bertsioak; eta hamargarrena, Peronaren omenez Joxemari Oiartzabalek eta Joxe Ramon Berrondok sortu duten Martin Perona abestia. Kanta gehienak Gora Kaletxikiko kideek jo zituzten arren, kantaren batean edo bestean izan dute Danbolin musika eskolakoen laguntzarik, eta beste abesti batean musikarietako bat txuriz jantzita irten zen plazara, dantza egitera.
Hona hemen atzoko emanaldian jo zituzten kantuen zerrenda: Andoain, Lau teilatu, Behin batian Loiolan, Eperra, Xalbadorren heriotzean, Orioko San Nikolasen ereserkia, Orioko futbol taldearena, Aliron, Egunsentia eta Martin Perona.
Denak bukatutakoan, Anuska Esnal Orioko alkateak udalaren partetik lore sorta bat oparitu zion Peronari, eta Gora Kaletxiki bandakoek Peronaren beraren argazki batetik abiatuta egindako koadro bat eman zioten eguneko protagonistari. Musikari oriotarra oso hunkituta azaldu zen, eta eskerrak eman zizkien Gora Kaletxiki bandakoei, Danbolin musika eskolakoei, udalari eta herritarrei.