Orion dena prest dute biharko Balearen Egunerako

Aitziber Arzallus 2022ko maiatzaren 13a

Herria goitik behera apainduta eta etxeko lanak eginda, biharko egunaz gozatzea besterik ez zaie gelditzen oriotarrei. 10:00etan hasi, eta jaiak ez du etenik izango iluntzera artean.

Maiatzaren 14a egun seinalatua da oriotarrentzat, balea ezaguna harrapatu zuteneko urteurrena delako. 2001ean mendeurrena ospatu zutenetik, bost urtean behin Balearen Eguna antolatzen dute herrian. Berez, dena normal joan balitz,aurten ez litzateke festarik egokituko; baina ezer normalik ba al da bi urte pandemian pasatu dituen mundu batean? Horregatik, egoerak ahalbidetzen duela aprobetxatuta, iaz egin gabekoak aurten egitea eta bihar Balearen Eguna ospatzea erabaki dute udalak eta herritarrek.

Antolaketa lanetarako ohi baino denbora gutxiago izan duten arren,10:00etatikaurreraizango da zer ikusia eta zertaz gozatua Orion: erraldoien eta buruhandien kalejira, Harribil dantza taldearen ikuskizuna, Salatxo abesbatzaren kantu-kalejira, plazan sardina pintxoak dastatzeko aukera, errioan irudikatuko duten balearen arrantza eta moilan egingo dioten ongietorria, herri bazkaria, plaza dantzak, Orkestra elektrotxarangaren saioa, DJ Arosekin dantzaldia...

Egun handia noiz iritsiko zain daude herritarrak, ikusi besterik ez dago nola apainduta dituzten balkoi, leiho, erakusleiho eta abarrak. Herriko bi eskoletako ikasleek, berriz, asteak daramatzate 1901. urteko gertakari hari lotutako edukiak lantzen, baleari jarritako bertsoak entseatzen eta ikastetxeak apain-apain jartzen. Eta biharko jaian modu aktiboan parte hartuko duten eragileetako kideak ere prest eta go- gotsu daude; hala ziurtatu dute Jon Alkain Harribil dantza taldeko kideak eta Itziar Olasagasti eta Zigor Gazpio balea arrantzaren irudikapenean arraunlari aterako direnetako bik.

Balearen Eguna berez berezia bada, aurtengoa are bereziagoa izango dela uste du Alkainek, eta ildo horretatik, Harribilek ere dantza emanaldi bat egin beharrean, bi egingo ditu. "Moilako ongietorrian parte hartzeaz gain, beste emanaldi bat ere egingo dugu, herriari erakutsi nahi diogulako Harribil hor dagoela, eta beti egon dela. Iaz, nahiz eta festarik ezin egin, balearen istorioa ardatz zuen dantza bideoz grabatu eta herritarrei helarazi genien, eta polita iruditu zaigu hori gogora ekartzea". Egingo dituzten dantzak eta erabiliko dituzten jantziak ere ez dira ohikoak izango, "sareekin egindako soinekoak-eta jantziko ditugu, pare bat alditan besterik ibili izan ez ditu- gunak; okasioak merezi du.

Esperientzia "hunkigarria"

Olasagastik pare bat alditan txistua joz parte hartu izan du balearen festan, baina arraunlari gisa lehen aldia izango du. "Gogoratzen naiz txikitan nola esaten genuen gu (neskak) ere baleari tiraka arraunean aterako ginela noizbait. Gero, arraunean ibili naizen urteetan, ez dut parte hartzerik izan, erriokoa ikusi eta trainerilak izaten genituelako. Horregatik, ilusioa egin zidan arraun elkartearen proposamenak, eta segituan eman nuen baiezkoa. Balearen Egunaz behar bezala eta lasai gozatzeko aukera daukadan lehen aldia izango da aurtengoa, eta horretara aterako naiz".

Gazpiok, aldiz, badu esperientzia. "Gehiagotan ere atera izan naiz, eta esan dezaket oriotar batentzat Balearen Egunean traineru barruan joatea oso gauza polita dela. Gainera, aita arrantzalea izandakoa da, Balearen Egunean ateratakoa bera ere, eta orain aita falta dela, sentimenduak mugiarazten dizkidan momentua da, hunkigarria".

Igandea bitarteko egitaraua

Gaur

Goizean, herriko kaleetan, Orioko Herri Ikastolako eta Zaragueta Herri Eskolako haurrek baleari egindako eta itsasoari buruzko kantak abestuko dituzte.

17:00. Mutiozabal ontziolan atea irekien saioa eta haurrentzako tailerrak.* 

22:00. Kiroldegian, Benito Lertxundiren kontzertua. 

Bihar, Balearen Eguna

10:00. Itsas ondareari buruzko bisita gidatua.* 

10:00. Kultur etxetik hasita, Pello eta Nikolasa erraldoien eta buruhandien kalejira herriko txistulariekin.

10:45. Herriko Plazan eta herrian barrena, Harribil dantza taldearen dantza ikuskizuna eta kalejira.

11:30. Bikamiotatik hasita herrian barrena, Salatxo abesbatzaren kantu-kalejira, trikitilarien laguntzarekin.

12:00. Herriko Plazan, sardina-pintxoak.

13:00. Moilan, balearen arrantza eta Salatxo abesbatzaren eta Harribil dantza talderen ongietorria.

14:30. Herriko Plazan, herri bazkaria.

17:30. Herriko Plazan, plaza dantzak Xoxote Bandarekin, Talai Mendi dantza eskolak antolatuta.

20:00. Herrian barrena, Orkestra elektrotxaranga.

22:30. Herriko Plazan, DJ Aros.

Igandea

12:00. Herriko Plazan, Gora Kaletxiki Andoaingo musika bandaren kontzertua Martin Peronaren omenez, Danbolin musika eskolako bandaren laguntzarekin.

*Izen-ematea Orioko Turismo Bulegoan, 943-83 55 65 telefonoan edo orioturismo@gmail.com helbidean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide