Euskal presoen egoera herriratzeko asmoz, Sare Eguna antolatu dute Orion eta Azpeitian. Orion larunbat honetan dute hitzordua, eta Azpeitian maiatzaren 21ean.
Orion, Etxerako bidea saretzen lelopean egingo dituzte ekintzak. 11:30ean, mendi martxa izango da autopistaren azpitik abiatuta, eta eguerdi partean jarraituko dute egitarauarekin. 13:30ean, ekitaldia izango da plazan, eta 14:00etan bazkaria ikastolako pergolan. Bazkaltzera joan nahi dutenek 606066405 telefonora deitu behar dute. Arratsaldean, 17:30ean hasita, Distopia elektrotxarangaren emanaldia izango da, eta horrekin batera, jokoak nahiz haurrentzako txokoa prestatuko dituzte.
Azpeitian, bi aste barru
Azpeitian, bestalde, bi urteko etenaren ostean berreskuratuko dute Sare Eguna. Egun osoko egitaraua prestatu du Sarek maiatzaren 21erako, "egunak merezi duen formatuan eta herritarren parte hartzea sustatzeko". Aurreko edizioetako helburu berbera izango da aurtengoan ere: euskal presoen eskubideak aldarrikatzea, hain zuzen ere. Izan ere, festa ekitaldiak ez ezik, manifestazioa ere egingo dute.
Sare Egunaren antolatzaileek azaldu dutenez, bi azpeitiar daude preso gaur egun: Gotzon Aranburu eta Josu Urbieta Pow. Aranburu duela bi hilabete Euskal Herriratu zuten; Dueñasko (Palentzia, Espainia) espetxetik Zaballakora (Araba) lekualdatu zuten. Sarek "positiboki" baloratu ditu euskal presoen Euskal Herriratzeko mugimenduak, baina gogorarazi du azpeitiarrak hirugarren graduan egon behar lukeela. "Gradu aldaketa horrek baimenak eskuratzea ahalbidetuko lioke presoari, eta etxera itzultzeko eskubidea emango lioke, baina espetxean jarraitzen du oraindik".
Urbietaren kasua "desberdina" dela adierazi du Sarek. "Hilabete honetan amaitzen zaio espetxe zigorra. Hamabi urte espetxean igaro ondoren, etxera bueltan dator. Albiste horrek urte batzuk lehenago etorri behar zuen, euskal presoei salbuespenezko legedia aplikatu izan ez baliete".
Sareren arabera, "aurrera egiteko unea" da, "lanean" jarraitzeko unea. "Dispertsioaren langa gainditzen ari garen honetan, badira presoei eta senideei aplikatzen zaizkien beste hainbat injustizia, eta horregatik, lanean jarraituko dugu". Presoen egoera herriratzen jarraituko duela esan du taldeak, eta Sare Eguna horretarako baliatuko dutela.
Bi aste barrurako dena prest du Sarek dagoeneko, eta duela aste batzuetatik zabalik da krosean izena emateko epea. Hain zuzen ere, Orkatz kultur elkartean edo kirolprobak.com webgunean dago horretarako aukera, hamar euro ordainduta. Izena aurrez emateko azken eguna maiatzaren 19a izango da. Lasterketaren egunean bertan ere izango da izena emateko aukera, 11:00etatik 11:30era bitartean plazan, eta hamabi euro ordaindu beharko dute parte hartzaileek. Guztira, 5,6 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek.
Bestalde, Azoka Plazan izango da Sare Eguneko bazkaria, eta otordurako sarrerak salgai daude Orkatz, Zuhatz, Berdie eta Niza tabernetan. Helduek hamabost euro ordaindu beharko dute, eta umeek, berriz, sei euro.