Oriotarrek bultzada ederra eman diote 22. Korrikari

Onintza Lete Arrieta 2022ko apirilaren 8a

05:00etan hartu dute oriotarrek aurreneko lekukoa zarauztarren eskutik, eta orduerdiz baino gehiagoz eskutik eskura pasatuz ibili dira euskararen aldeko aldarria. Adin guztietako herritarrak jaiki dira ohi baino askoz goizago 22. Korrikan parte hartzeko, eta korrika saioa amaitutakoan txokolate beroa hartzeko aukera izan dute plazan. Giro bikaina egon da herrian.

Hotzik ez zen batere gaur 04:30ean Orioko kaleetan, eta ordurako leiho batean baino gehiagotan ikusten ziren etxeetako argiak piztuta. 04:30erako elkartu dira plazan 22. Korrikako lekukoa herrigunetik urrunen zutenak, garaiz iristeko beren tokietara. Zarauztik iritsi da jende uholdea, eta oriotarrek ere bikain erantzun diote euskararen aldeko ekimen berezienari. Haur, gazte, heldu eta zahar, asko eta asko izan dira errepidera atera direnak Korrikari ongietorria ematera.

Herrigunean buelta egin, eta Usurbil alderantz jarraitu du Korrikak errepide nagusitik. Korrika saioa amaituta, plazan txokolate beroa hartzeko aukera izan dute herritarrek.

Argazkiak: AEK eta Onintza Lete Arrieta.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide