Ibai Esoain eta Ion Ubegun nagusi izan dira Euskal Herriko XII. Mus Txapelketan

Iñigo Gaiton 2022ko apirilaren 3a

2020ko finalera iritsi zen bikotea, baina pandemiagatik ez zuten jokatzerik izan. Azkenean, atzo egin zuten finala Leitzan, eta bi oriotarrentzat izan zen garaipena. Lehengo astean ere irabazi egin zuten Gipuzkoako Mus Txapelketa, eta datorren asteburuan, 2022ko Euskal Herriko Mus Txapelketaren finalean izango dira.

Ibai Esoainek eta Jon Ubegunek Gipuzkoako Mus Txapelketa irabazi zuten lehengo asteburuan, eta garaipenaren osteko elkarrizketan adierazi zutenez, haientzat "sekulakoa" litzateke Euskal Herriko txapelketako finaletako bat irabaztea. Esan eta egin: Leitza (Nafarroa) elkartu ziren atzo 2020ko Euskal Herriko Mus Txapelketako finalistak, eta muslari oriotarrak txapela banarekin itzuli ziren etxera.

Arraiozko (Nafarroa) Beñardo Alunda-Joselu Retegiri gailendu zitzaizkien Esoain eta Ubegun finalean, eta denboraldiko bigarren txapelketa irabaztea lortu zuten. Datorren larunbatean Baigorrin (Nafarroa Behera) izango da bikotea 2022ko Euskal Herriko Mus Txapelketaren finalean, hirugarren astez jarraian beste txapela bat irabazteko borrokan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide