Gaur, martxoak 14, Ibaien Aldeko Nazioarteko Ekintza Egunarekin bat eginez, Itsaso Zirkularra egitasmoa aurkeztu dute Donostiako Aquariumean. Donostiako moilan bat egin dute egitasmoaren sustatzaileek eta parte hartuko duten eragileek; tartean, Zaragueta Herri Eskolak.
Itsaso Zirkularrak egitasmoaren aterkipean, sei jardunaldi egingo dituzte Euskal Herriko hondartza eta ibai desberdinetan. Apirilean Zadorra ibaia garbituko dute, eta maiatzean Deba eta Ibaizabal ibaiak. Horiez gain, Zarautz, Orio eta Plentziako hondartzetatik ere jasoko dute zaborra.
Esther Irigarai Donostiako Aquariumeko zuzendariak azpimarratu duenez, ekimenaren helburua da "kostaldeko hondartzak eta ibaiak garbitzea", baina are garrantzia handiagoa eman dio "herritarrak sentsibilizatu, kontzientziatu eta mobilizatzeari". Xede horrekin, "aliantzak" sortu nahi izan dituzten aurten ere, eta sare horren parte izango da aurten Zaragueta Herri Eskola, Euskal Herriko beste zenbait ikastetxe eta eragilerekin batera.
Ainhoa Zumeta Zaraguetako zuzendariak azaldu duenez, Orion bada aspalditik urtero egiten den hondartza garbiketa bat, eta testuinguru horretan kokatzen du eskolak aurten egingo duena: "Surfrider Foundation elkartearekin elkarlanean, Orioko Surf Taldeak eta Herrio Natur Taldeak urtero egiten dute hondartza garbiketa. Bi taldeek egindako lanari esker, herrian bada gaiarekiko kontzientzia, eta horri segida emanez, Aquariumetik jasotako gonbidapena onartzea erabaki dugu".