Bizitza errazten duten erabakiak

Aitziber Arzallus 2021eko azaroaren 18a

Macarena Mujika abokatuak 'Elkarbizitzarako eskubideak eta betebeharrak' formakuntza saioa eman zuen atzo arratsaldean, Orioko Salatxo aretoan. Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolak antolatu zuen saioa, A-25 Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira prestatu duen egitarauaren barruan.

Macarena Mujika (Donostia, 1988) abokatua da, eta eta Garazi Pagolarekin batera —Irule kooperatiba txikia sortu dute biek—, urteak daramatza emakumeei aholkularitza juridikoa ematen Orioko, Azpeitiko eta Hernaniko emakumeen txokoetan, baita Donostiako Emakume Bananduen Elkartean ere. Azken horretan, duela ia sei urte hasi zen boluntario, beste lankide batekin, eta harrezkero 500dik gora lagun artatu dituzte. Askotariko gaien inguruko informazioa eta laguntza ematen diete emakumeei: indarkeria matxista, atzerritartasuna... Baina zalantzarik gehien familia gaien inguruan izaten dituztela esan du, "bikote harreman batean dituzten eskubide eta betebeharrak zeintzuk diren ez jakitearen ondorio". Hain justu, Elkarbizitzarako eskubideak eta betebeharrak formakuntza saioa eman zuen atzo arratsaldean Orion, Azaroaren 25aren bueltan Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolak prestatutako egitarauaren barruan.

Helduarora iritsi eta familia bat osatu aurretik denek jakin beharko lituzketen, baina inork gutxik dakizkien gaiak izan zituzten hizpide. "Lehen jendea inertziaz ezkontzen zen, baina gaur egun, geroz eta jende gutxiago ezkontzen da, izatezko bikote ere ez dira egiten, eta horrek, gerora, banatzen direnean, ondorio oso gatazkatsuak eragiten ditu, bereziki emakumeentzat".
Mujikaren ustetan gazteak ez dira ezkontzen, ezkontza zerbait "zaharkitutzat" dutelako. "Eta halaxe da, baina, aldi berean esan beharra dago ezkontzeak badituela onura batzuk, baita izatezko bikote egiteak ere". Zeremonietatik eta ospakizunetatik harago, elkarbizitza antolatzeko eta arautzeko tresna horietako bakoitza zer den, bataren eta bestearen arteko aldeak zeintzuk diren, eta etorkizunean zer ondorio izan ditzaketen jakitea ezinbestekotzat jo du.

Aukerak

Gaur-gaurkoz, horiek biak dira elkarbizitza arautzeko dauden bi erremintak. "Eta horietako inor erabili nahi ez duela oso garbi duten bikoteek beti egin dezake nolabaiteko akordio edo kontratu bat, eta han zehaztu elkarbizitzarako baldintzak eta bikotea banatzeko kasuan gauzak nola geldituko liratekeen". Baina aitortu du hitzarmen bat egiteko aukera hori ia inork ez duela baliatzen.

Abokatuaren hitzetan, "errazena eta emakumeari etorkizunerako berme gehien ematen dizkiona ezkontza da", izatezko bikote egitea baino gehiago. Bi erremintak oso antzekoak direla esan du, baina garrantzitsua dela zertan bereizten diren jakitea; eta alde nabarmenena aipatu du: "Ezkontzak elkarrekin izandako irabaziak erdibana izatea dakar berekin. Alegia, bikote diren bitartean sortu dituzten ondasun guztiak bienak izango direla, herentzian eta oinordetzan jasotakoak izan ezik. Kontrara, izatezko bikote egiteak ezarrita dakarren erregimen ekonomikoa ondasunen banaketarena da. Bi kasuetan dago beste erregimen ekonomikoa hautatzeko aukera, baina propio egin behar da hautu hori".

Ezkontzaren eta izatezko bikote egitearen arteko alde nabarmenena hori izanagatik, beste berezitasun batzuk ere badira. "Adibidez, bikotekideetako bat hiltzen den kasuan, ezkonduta egonez gero, bizirik gelditzen denari zuzenean aitortzen diote alarguntasun pentsioa jasotzeko eskubidea. Izatezko bikoteen kasuan, ostera, pentsio hori jaso ahal izateko baldintza jakin batzuk bete beharko ditu bizirik gelditzen denak; esate baterako, harremanak gutxienez bost urte iraun duela frogatu beharko du, batera bizi izan direla eta abar. Izan ere, berez, ezkonduta dagoen bikote batek etxe berean bizitzeko betebeharra dauka, baina izatezko bikote batek ez. Hori dio kode zibilak, nahiz eta inork gutxik duen horren berri".

Nahi adina adibide

Hori dena aurrez jakiteak, eta hasieratik gauzak behar bezala hitz eginda eta adostuta izateak, banatzen diren bikoteen etorkizuna asko erraztuko lukeela ziurtatu du Mujikak, "batez ere, emakumeena, haiek izaten direlako banaketa prozesuetatik okerren atera ohi direnak. Emakume asko gelditzen dira ezer gabe, benetako larrialdi egoeran; eta guri, zoritxarrez, horrelako kasu asko ikustea egokitzen zaigu".

Dozenaka adibide jar ditzakeela dio. "Adibidez, oso ohikoa izaten da haurrak izan eta emakumeak eszedentzia bat hartzea edo lanaldia murriztea haiek zaindu ahal izateko, eta gizonezkoak lanean jarraitzea. Bikote hori ezkondu gabe dagoen kasuan, emakumea gizonarekiko erabat mendeko bihurtzen da, banatzea erabakiko balute, gizonak diru pixka bat aurreratuta izan dezakeelako, baina haurren zaintza bere gain hartzeko soldatapeko lanari uko egin dion emakumeak, ez".

Haurrak dituzten bikote ezkongabeak ere aipatu ditu. "Kasu horretan, betebehar batzuk badituzte haurrekiko, eta normalean ondasun bateratuak ere izaten dituzte. Demagun gizonak etxebizitza bat daukala eta emakumea hara joaten dela bizitzera, eta han egiten duten obra bat emakumeak ere ordaindu egiten duela. Bikote hori banatzen denean, eta emakumeak etxe horretatik alde egin behar duenean, zer gertatzen da emakumeak han jarritako diruarekin? Nola erreklamatu dezake diru hori? Nola berreskuratu? Legearen aurrean ez dira ezer, eta gizonak esan dakioke ez diola dirua itzuliko, baina, berez, emakumeak badauka eskubidea diru hori berreskuratzeko".

Informazio praktikoa eman eta hainbat kasu aztertzeaz gainera, dibortzio prozesu bat nolakoa izaten den azaldu zien atzo Salatxon bildutako herritarrei, ikusteko zeintzuk diren prozesu horietan sortzen diren arazo eta gatazka ohikoenak. "Nolakoa den desadostasunezko dibortzio bat, nolakoa den adostasunezko bat, banatze prozesu bat, eta zeintzuk diren hitzarmen erregulatzailean adostu behar diren gauzak eta ezinbestean kontuan izan beharreko puntuak".

Aurrea hartu arazoei

Desadostasunezko dibortzio prozesu bat familiarentzat "oso bortitza" izaten dela adierazi du, eta gogoan izateko epaitegira jotzea ez dela aukerarik onena, "azken aukera baizik"; berez, denentzat askoz hobea dela bikote barruan gauzak adosteko gai izatea. Eta familientzat ez ezik, abokatuentzat ere «oso prozesu gogorrak" izaten direla baieztatu du. "Gainera, epailearen ebazpenak ez dira izaten ez bataren ez bestearen aldekoak, erdibideko irteera bat aukeratzen du, eta ebazpenarekin inor ez da gustura gelditzen. Horrek esan nahi du, gerora berriz ere negoziatu eta gauzak adostu egin beharko dituztela, batez ere tartean haurrak daudenean. Haurrak ekonomikoki mendekoak direnez, eskubidea dute 26 urte bete arte mantentze pentsioa jasotzeko, eta momentu horretara arte nolabait lotuta egongo da bikotea, hainbat gauza adostera behartuta, eta harremana gaiztotuta dagoenean oso zaila izaten da".

Arazo eta gatazka horiek guztiak saihesteko bidea aurrez dena lotuta izatea dela jakinda, arduratsu jokatzeko eta gauzak ondo egiteko aholkua eman du Mujikak, "izan ezkontzaren bidez, izatezko bikote eginda edo bestelako kontratu batekin".

A-25aren harira, datozen egunetarako egitaraua

Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da, eta horren harira, eskualdeko herrietan zenbait ekintza antolatu dituzte datozen egunetarako:

Azpeitia
Bihar, ostirala. Azaroak 25. Zer da indarkeria matxista? izenburupean, bi orduko formakuntza saioa egingo dute Neska* Gazteen Txokoan. 17:00etan, Emakumeen Txokoan.
Azaroak 21, igandea. Oh gu hemen tertulia, Urola Erdiko Itaiak antolatuta. 18:00etan, Basazabal jauregian.
Azaroak 24, asteazkena. Osasun mentaleko errekuperazioari begirada feminista hitzaldia. Maria Zapata Hidalgo izango da hizlaria. 18:30ean, Emakumeen Txokoan.

Zarautz
Gaur, osteguna. Screening ASI, haurren sexu abusuaren susmoak detektatzeko tresna hitzaldia, gaztelaniaz. Jose Ramon  Elizondo pisikologo kliniko  eta psikoterapeuta eta Rosa Lizarraga haur eta nerabeen psikoterapeuta izango dira hizlariak. 18:30ean, Modelo aretoan.
Bihar, ostirala. Emakumeon ahalduntzea ala indarkeriaren normalizazioa? hitzaldia, 18:00etan, Putzuzulo gaztetxean. Ondoren, 21:00etan, bertso-afaria izango da. Libe Goenaga, Garazi Navarro eta Lurdes Ondaro bertsolariak ariko dira kantuan.

Zestoa
Bihar, ostirala. Oh gu hemen tertulia, Urola Erdiko Itaiak antolatuta. 18:00etan, Alonderoko aretoan. Ondoren, 20:00etatik aurrera, jaialdia Zestoako Gaztetxean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide