Itxaspera edo Pagoeta ingurura joan, bertako zuhaitzen haziak bildu, eta gero horiek banatzen dituzte Herrio Natur Taldeko kideek urtero Orioko plazan: haritzak, pagoak, arteak, gaztainondoak, lizarra, astigarra, gorostia eta elorri zuria nagusiki, "horiek direlako gure inguruan edozein lekutan ager daitezkeen zuhaitzak", azaldu du Amaia Urkola taldekideak.
Edozein tokitan landa al daitezke hazi horiek?
Ekimenaren helburua da jendeari ezagutaraztea edonork har ditzakeela haziak eta landatu, eta gomendatzen dugu aurrena loreontzian landatzea, eta bizpahiru urte dituztenean, zuhaixka ikusten dutenean, lursailen batean landatzea. Inoiz, zuhaitz landaketak antolatu izan ditugu, eta ekarri izan ditu jendeak, landatzeko.
Hortaz, urte batzuetan etxeko balkoian eduki daiteke zuhaitza.
Bai, kanpoan egotekoak dira, zuhaitzak ere kanpoan egoten direlako, eta loreontzi batean lasai jar daitezke. Plazara ekarri ditugu lauzpabost urte dituzten landare batzuk, jendeak ikus dezan nola hazten diren, eta horiek, adibidez, prest daude lursail batean edo mendian landatzeko.
Mahaira gerturatzen diren herritarrek galdera asko egiten al dizkizuete?
Bai. Urte dezente daramatzagu hau egiten, eta jendea oso gustura etortzen da. Umeentzat, adibidez, oso polita izaten da, haurrek askotan ez dutelako irudikatzen gaztaina bat hazia denik, edo ezkurra. Ezagutzen dituzte, baina hortik zuhaitza ateratzea... Helduek ere interes handia erakusten dute; batzuk bertaratzen dira esateko orain bi urte eramandako hazitik landare polita atera zaiela eta ez dakit non landatu dutela... Esker oneko ekimena da.
Eskuorri txikiak dituzue, zuhaitz bakoitzaren azalpenekin, eta orri horietan bilduta banatu dituzue haziak.
Eskuorrian azalpen gutxi batzuk jarri ditugu: zuhaitzaren izen zientifikoa zein den, zenbateko zuhaitza hazten den, nola erein behar den, baita landaketa noiz eta nola egin behar den ere.
Honekin lotuta bestelako ekintzarik egiten al duzue?
Urtero eskoletatik eskatzen dizkigute haziak, beraiek gaia lantzeko ikastetxean. Bestalde, azken hilabeteetan, Lurgaia fundazioarekin batera herri mailan lursailak aurkitu nahian gabiltza, bertako zuhaitzak landatzeko. Formula desberdinak daude: jaberen bati lursaila erosteko prest gaude, eta saldu nahi ez duenak ere aukera du lur horiek guri utzi eta guk kudeatzeko. Udalarekin elkarlanean, herritarren esku jarri nahi dugu hau. Pandemia garaian argi ikusi da zeinen garrantzitsua den gure ingurua zaintzea; gainera, denoi gustatzen zaigu harizti edo pagadi eder batean sartzea. Gure asmoa da lursailen batean bertako zuhaitzak landatu eta herritar orori zabaltzea, bertan paseatu dezaten, haziak bil ditzaten...