Urteurrenerako logo eta abesti berria prestatu dituzte, eta horiek aurkezteko herrian barrena lipdub bat grabatu zuten atzo.
Orioko Herri Ikastolak 50 urte bete ditu, eta ospakizunen ikasturtea izango dute aurtengoa. Ez dute egitaraurik zehaztuta, oraintsu arte ez zekitelako ezer egiterik ere izango zuten. Unean uneko egoerara egokitutako ekitaldiak egiteko asmoa dute, atzo egin dutena moduan. Urteurrenaren harira egindako logoa eta abestia aurkeztu zituzten, modu berezian aurkeztu ere. Zimitoriotik abiatuta herrian barrena lipdub bat grabatu zuten, ikastolako ikasle guztien parte hartzearekin. Egungo eraikinaren atarira iritsitakoan, logo berria bandera bat bailitzan igo zuten mastan gora, edozein herritan festak hasteko egiten duten moduan. Ospakizun urteari hasiera eman zioten horrela.
Ekitaldi xumea izan zen, baina sentimentuz betetakoa, denak baitzuen bere zergatia. Esaterako, lipdub-aren ibilbideak ikastolak bost hamarkada ,hauetan herrian izan dituen egoitzarik gehientsuenak lotzen zituen: Zimitorioa, Musika Eskola, Ikastola Txikia, Errastiko lokalak, Maisu Etxea zena —gaur Kultur Etxea—, DBHko eraikina eta LH eta HHko eraikinak.
Sorrerakoak gogoan
Zimitorioan hartutako lehenengo irudian Itziar Lizaso azalduko da, ikastolako lehendabiziko ikasleetako bat, logo berriaren argazkia eskuetan duela. Zimitoriotik ikastolaren gaur egungo eraikinera arteko bidea hamar minutu eskasean egin zuen grabazio taldeak, eta LHko egoitzara iristean, logo bera duen banderola mastan gora igo zuen Nerea Intxauspek eta Saioa Basurkok. Intxauspe ere sorreran ikasle izandako haietakoa; Basurko, berriz, DBH4ko ikaslea, eta logoaren egilea. Bandera igotzerakoan, alboan izan zituzte HH2ko ikasleak ere, ikastolako ikaslerik gazteenak.
Une hunkigarria izan zen, pandemiarik ez balitz herritarrekin partekatzeko modukoa, baina pilaketak saihestearren, inor ez zuten gonbidatu, eta lipdubean parte hartu duten ikasleak ere berehala igo ziren beren ikasgeletara.
Urteurrenerako sortu duten eta gaur egindako grabazioa girotuko duen abestiak ere badu bere historia. Izan ere, ikastolaren 25. urteurrenerako Oihana Alkorta zenak sortu zuen Zortzi t'erdietako ikastolara abestiaren moldaketa bat da. Orioko Giraniceko musika taldeko Iñaki Gurrutxaga, Andoni Lertxundi, Imanol Arruti eta Mikel Heras izan dira Alkortak egindako abestia hura berreskuratu eta eguneratzeko ardura izan dutenak, eta Intza Unanue izan da ahotsa jarri diona. Ikastolako zenbait ikaslek eta gurasok ere parte hartu dute abestiaren grabaketan.
Irudi berria, berriz, ikastolako ikasleen artean egin duten lehiaketa batetik atera da. Irailaren amaieran ikasle bakoitzari logo bana eginarazi zioten, eta gero, ikastolako komunitatea osatzen duten guztiek izan zuten gustukoenaren alde bozkatzeko aukera. Saioa Basurkok atzo bertan jakin zuen bere proposamenak irabazi zuela lehiaketa.