Arkupe merkatarien elkarteak, Orioko udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Orioko Merkatarien Ginkana antolatu du. Dagoeneko abian da ekimena eta ia hiru asteko iraupena izango du; azaroaren 5era arte, hain zuzen. Parte hartzaileen artean 200na euroko bost erosketa txartel zozkatuko dituzte.
Orioko merkataritza sektorea indartzea eta herritarren arteko harreman sareak zabaltzea dira egitasmoaren helburuak; horrenbestez, herriko saltokietan erosketak egiten dituzten herritarrak sarituko dituzte.
Ez da Arkupek ginkana antolatzen duen lehen aldia, baina aurtengoan berrikuntza garrantzitsuekin dator. Izan ere, ekimenean sekula baino establezimendu gehiagok parte hartuko dute, eta sarien zenbatekoa ere sekula baino handiagoa da: 200na euroko bost erosketa bonu zozkatuko dituzte, azaroaren 5ean egingo duten ekitaldian.