Laugarren urtez jarraian, FederArte Surfing Kultura jaialdia egingo dute Orion. Urriaren 16an izango da, eta atzo goizean azaldu zituzten jaialdiaren nondik norakoak, Arraunetxen egin zuten aurkezpenen. Gipuzkoako Surf Federazioko (GSF) ordezkariek eta Orioko Udalekoek parte hartu zuten ekitaldian, eta guztiak ere pozik agertu ziren jaialdia egiteko modua izango delako.
GSFak eta Orioko Arraunetxek duela lau urte sinatu zuten lankidetzarako hitzarmenaren ondotik sortu zen jaialdia Orion antolatzeko aukera, hain zuzen ere, Gipuzkoako Surf Selekzioa Orioko azpiegituretan entrenatzen hasi zenean. Ordurako Stand Up Padel (SUP) edo arraun surf modalitatea bere gain hartua zuen federazioak, eta errioa leku paragabea iruditu zitzaion proba berri baterako. Lehia hutsa sustatzetik harago, kirola eta kultura uztartzen dituen jaialdi eredua hobetsi zuen Oriorako, eta erantzunarekin gustura, laugarren aldia izango da aurtengoa.
Atzo azaldu zutenaren arabera, egitarau bete-betea prestatu dute urriaren 16rako: SUP Race lasterketa, SUP inklusiboa, surf skate inklusiboa, azoka, kontzertua eta abar. Lehiaz gain, baina bestelako balioak ere landu nahi dituztelako ekimenarekin; hala nola, inklusioa, berdintasuna eta kulturarekiko eta ingurumenarekiko maitasuna. Egoerak hala behartuta, aurten ere Arraunetxen egingo dituzte ekimen guztiak.
Itsasgora eguerdian izango denez, 13:00etan ekingo diote jardunaldiari. 8 urtez azpikoak hasiko dira ordu horretan, eta adinean goraka joango, mailarik gorenera iritsi arte. Ondoren, sari banaketa egingo dute. 16:30ean, surf skate inklusiboa egiteko aukera izango da; eta egunari bukaera emateko, Yo Ciervo taldeak kontzertua emango du Arraunetxen. Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren barruko emanaldia izango da, doakoa, baina beharrezkoa izango da gonbidapenak aurrez eskuratzea, Orioko Kultur Etxean.
Formatu arrakastatsua
Joxe Anjel Iparragirre Orioko Kirol zinegotziak adierazi zuenez, "oso gustura" daude jaialdia laugarren aldiz egingo dutelako Orion, "nahiz eta egoera dela medio, ezingo dugun nahiko genukeen bezala egin". Anuska Esnal alkatea ere antzera mintzatu zen, eta horrez gain nabarmendu zuen egungo udalaren erronketako bat dela "errioa biziberritzea, herriaren bihotza izan delako mendeetan", eta horrelako ekimenek horretarako balio dutela.
Urriaren 16an jokatuko duten txapelketaren inguruko azalpenak, berriz, Iñaki Navascuesek eman zituen, Waterwoman zirkuituko zuzendariak. Haren esanetan, zirkuituko hirugarren eta azken lasterketa izango da, eta baita Gipuzkoako Txapelketako proba bakarra ere. "Hemen erabakiko da nortzuk izango diren Gipuzkoako txapeldunak; beraz, lehiak ere badu interesa".
Maialen Saez GSFko lehendakari eta Euskal Herriko Surf Federazioko lehendakariordeak jaialdiaren formatuan eta balioetan jarri zuen azpimarra, kirolari ez ezik, kulturari ere "bultzada garrantzitsua" emateko balio duelako. "Arrakasta handiko" formatua dela esan zuen, eta aurrenekoz 2017an Zarautzen antolatu zutenetik, hainbat herritara iritsi dela ekimena.
Bukatzeko, Miren Zabalak hartu zuen hitza, GSFan zein FederArte jaialdian aniztasun funtzionala dutenei zuzendutako saioak antolatzearen arduradunak. Haren hitzetan, jendea "oso pozik" etortzen da horrelako ekintzetara, eta eguraldiak laguntzen badu, Oriora Gipuzkoa guztiko jendea etortzea aurreikusten duela.
Egitaraua:
- 11:00etatik 12:00etara: izen ematea.
- 12:15etan: briefing-a.
- 13:00etan: Txiki SUP eta SUP inklusiboa.
- 14:00etan: SUP Race txapelketa.
- 15:30ean: sari banaketa.
- 16:30ean: surf skate inklusiboa.
- 18:30ean: Yo Ciervo taldearen kontzertua.