Senior taldea ere izango du aurrerantzean Orio Eraginek

Iñigo Gaiton 2021eko irailaren 16a

Mirotza Orio senior taldeko jokalaria izango den Maria Azkuek azaldu duenez, "atzetik datozen gazteek herrian jokatzen jarraitzeko aukera" izango dute hemendik aurrera. Urriaren 3an jokatuko dute ligako aurreneko partida.

Aste honek albiste on bat laga du Orioko eskubaloi zaleentzat: Orio Eragin Eskubaloia Klubak seniorren taldea ere izango du denboraldi honetatik aurrera. Hala jakinarazi dio hedabide honi Maria Azkuek, taldeko jokalariaz gain elkarteko zuzendaritzako kidea ere baden herritarrak. "Azken urteotan, maila guztietan lehiatu ahal izateko taldeak osatu ditugu, eta seniorretakoa falta zitzaigun. Zorionez, aurrerantzean ere izango dugu", azaldu du pozarren.

Hamahiru elkartek eman dute izena Mirotza Orio taldea lehiatuko den ligan. Bi itzuli izango ditu ligak, eta jardunaldi bakoitzean, talde batek atseden hartuko du. Urriaren 3an abiatuko dute denboraldia oriotarrek, Lezon.

Azkueren esanetan, elkartearentzat "balio handia" du seniorretan ere taldea osatu izanak: "Askotan zaila izaten da jubeniletatik seniorretarako urratsa ematean jokalari guztiek jarraitzea, eta bide hori erraztu egin nahi dugu. Orain, urteetan aurrera egin ahala, herrian eskubaloian jokatzen jarraitzeko aukera izango dute atzetik datozen gazteek".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide