Eguraldi eguzkitsuarekin jokatu da gaur Kontxako Estropadetako bigarren jardunaldia. Pasa den igandean jokatutako lehen jardunaldian gauzak erabat zehaztu gabe geratu ziren, eta gaurkoan edozer gerta zitekeen.
Goizeko 10:00etatik aurrera jokatu da emakumezkoen estropada. Orioko trainerua ohorezko txandan aritu da, eta bandera irabazteko faboritoetakoa zen. Aurreko jardunaldian, pasa den igandean, segundo eta erdiko aldea besterik ez zion atera Donostia Arraun Lagunak traineruak, eta sailkapenari buelta emateko asmoarekin atera dira Xanti Zabaletak entrenatutako neskak.
Irteera oso ona egin du lehen kaletik atera den Oriok, eta bi segundo aldearekin eman du ziaboga lehen postuan; Donostia Arraun Lagunak bigarren zen. Bueltako luzean estriborrera joateko asmoa zuen Oriok, zeuden olatu apurrak aprobetxatzeko, baina hor Donostiako traineruarekin egin du topo: honek bere kalean mantentzeko apustu egin du, eta hor zapuztu da oriotarren asmoa, epaileak bere kalera egiteko agindua luzatu dio eta. Bigarren luzean harrapatu egin du Arraun Lagunakek, eta amaieran bi segundo aldearekin gurutzatu du helmuga. Orio bigarren izan da gaur, baita sailkapen orokorrean ere.
Sailkapena (bi jardunaldietako denborak batuta)
1. Donostia Arraun Lagunak: 21:05.18
2. Orio: 21:09:50
3. Donostiarra: 21:28:24
4. Tolosaldea: 21:35:14
5. Hondarribia: 21:37:16
6. Hibaika: 21:53:16
7. Chapela: 21:56:84
8. Deusto: 22:05:82
Gizonezkoak bosgarren
Gizonezkoen estropada izan da jarraian. Hemen ere ez zegoen ezer erabakita, lehen bi ontzien artean, Hondarribia eta Santurtzi, bi segundo baino gutxiagoko aldea zegoelako. Orio laugarren izan zen lehen jardunaldian, irabazlearekiko zortzi segundora. Beraz, zerbait egiteko esperantzak bazituzten.
Lehertzera atera da San Nikolak bere txandako hasieran, eta burua ere hartu du, Zierbena, Santurtzi eta Hondarribiaren aurretik. Puntetara heldu arte izan da txandaren buruan, baina Zierbenak hasieran, eta Santurtzik eta Hondarribiak ondoren, aurrea hartu diote. Ziabogan laugarren zen Orio, hiru segundo eskaera, baina lehen txandan aritutako Donostiarrak baino 11 segundo gehiago eginda.
Bigarren luzean bete egin dira, eta ezin izan diote beste hiru ontziek jarritako erritmoari eutsi. Hala, bere txandan azken izan da, eta seigarren gaurko jardunaldian. Bi egunetako denborak batuta, postu bat galdu du Oriok, laugarrenetik bosgarrenera pasatuta; Gaur estropada bikaina egin duen Donostiarrak hartu dio aurre. Gizonezkoetan bandera Santurtzira joan da, Hondarribiarekin borroka zirraragarria eskaini ondoren.
Sailkapena (bi jardunaldietako denborak batuta)
1. Santurtzi: 38:19.09
2. Hondarribia: 38:19.57
3. Zierbena: 38:31.41
4. Donostiarra: 38.31.96
5. Orio: 38:42.39
6. Urdaibai: 38:50.36
7. Cabo da Cruz: 39:06.14
8. Ares: 39:46.14