Gaur goizean jokatu da Kontxako Banderako lehen jardunaldia Donostiako uretan, eta lan bikaina egin dute Orioko bi traineruek.
Arraunkera dotorearekin egin dute estropada Orioko emakumezko arraunlariek. Lehen txandan garaile izan dira 10:33,26 denbora eginda. Haize gutxirekin eta itsaso barearekin egin dute arraunean, eta errekor berria ezarri du Oriok, aurretik inork ez baitzituen Kontxako bi luzeak horren azkar burutu. Gutxi iraun die tituluak, ordea, bigarren txandan atera den Arraun Lagunak taldeak segundo bat gutxiagoan egin baititu lanak.
Beste behin erakutsi dute bai Oriok, bai Arraun Lagunakek gainontzekoak baino koska bat gorago daudela, eta lehiak bizi-bizi jarraitzen du. Oso gutxigatik, gehiago izan da Arraun Lagunak gaurkoan, baina ez dago ezer erabakita. Luze egingo zaie astea bi taldeei, datorren igandean erabakiko baita Kontxako Bandera norentzat izango den. Bigarren txandan aterako dira bi faboritoak, Donostiarrarekin eta Hondarribiarekin batera.
Hauek izan dira gaurko denborak:
- Arraun Lagunak 10:31.62
- Orio 10:33.26
- Donostiarra 10:40,24
- Hondarribia 10.44.82
- Tolosaldea 10:46,68
- Hibaika 10:49.16
- Deustu 10:55,26
- Chapela 10:58.74
Ikusle gutxik eduki dute estropada aurrez aurre ikusteko aukera Donostian, edukiera mugatu baitu antolakuntzak egungo osasun egoera dela medio. Dena den, joateko aukera izan duten gutxi horien artean asko izan dira oriotarrak, hainbat herritarrek ez baitute galdu nahi izan arraunlariei babesa bertatik bertara agertzeko beta. Ez dago ohiko festa girorik portu inguruan, ordea.
Gizonezkoetan, berriz, bigarren txandan atera da lehiara Orioko trainerua gaurkoan, eta bigarren joan da txanda osoan zehar. Oso estropada ona egin du Oriok, eta poparean asko estutu du Santurtzi. Segundo beraren barruan ibili dira une batez, baina ezin izan du alde hori mantendu, eta Sotera ontziaren uberan kokatuta, harengandik zazpi segundora helmugaratu da Orio. 19:14,82 denborarekin, lehen txandan atera den Donostiarrari ehunen gutxi batzuetako aldea atera dio Oriok, eta haien aurretik kokatu dira sailkapenean. Hori dela eta, Ohorezko Txandan aterako da Orio hilaren 11n, bandera erabakiko den egunean, Hondarribiarekin, Santurtzirekin eta Zierbenarekin batera.
Hondarribiak egin du gaur denborarik onena, baina Ama Guadalupekoari hiru segundoko zigorra ezarri dio epaileak behar baino lehenago abiatzeagatik. Lan bikaina egin badu ere, Santurtzirekiko duen Oraldea oso txikia da zigorra dela eta, beraz, lehia guztiz irekita egongo da datorren igandean, eta edozer gerta daiteke.
Hemen gaurko denborak:
- Hondarribia 19:06,32
- Santurtzi 19:08,06
- Zierbena 19:10,28
- Orio 19:14,82
- Donostiarra 19:15,42
- Urdaibai 19:23,4
- Cabo da Cruz 19:32,12
Argazkiak: Iñigo Gaiton.