Hondarribiak eta Oriok irabazi dituzte Zarauzko lehen estropadak

Amaia Urbieta Arruti 2021eko abuztuaren 14a

Orioko emakumezkoek pauso oso garrantzitsua eman dute gaurkoan. Gizonezkoek ere oso lan txukuna egin dute eta laugarren izan dira gaur. Zarauztarrak, berriz, hamargarren geratu dira.

Euskotren eta Eusko Label ligetako jardunaldia jokatu da arratsaldean Zarautzen. Euskotren ligan, Oriok eskuratu du lehen jardunaldiko garaipena, beraz, oraindik ere badituzte aukerak liga eskuratzeko. Egin behar zuena egin du Oriok. Euskotren liga irabazi ahal izateko aukerak edukitzeko irabazi beharra zeukan gaur bai ala bai, eta hala egin du. Itsaso oso mugituarekin jokatu dute estropada Zarautzen Euskotren ligako lau traineruek, eta laugarren kaletik atera da Orio.

Sendotasun handiz hasi du gaurkoa Oriok, eta hasi bezain pronto atera dio hainbat segundoko aldea aurkari zuzen duen Arraun Lagunak taldeari. Poparean fin ibili da Arraun Lagunak eta segundo batzuk berreskuratzea lortu du une batean, baina zazpi segundoko aldearekin atera dira ziabogatik oriotarrak, eta itzulerako luze horretan ez dute alde hori behar beste laburtzea lortu donostiarrek. Oriotarrek erakustaldia eskaini dute poparean ere, eta luzearen bigarren erdian alde hori are gehiago handitzea lortu dute. 

Nadeth Agirre patroiak estropada bukatu berritan Etb 1eko kamerei azaldu die Zarauzko Ikurrina irabaztea dutela helburu, ligaren aldeko borroka ez dagoelako beraien eskuetan soilik. Izan ere, bihar estropada irabaziko balute ere, Arraun Lagunak taldeak bigarren egingo balu, ez litzateke nahikoa izango. Euskotren liga Oriorena izateko, beharrezkoa izango da bihar estropada irabaztea eta donostiarrak hirugarren edota laugarren geratzea. 

Momentuz, lanak ezinhobeto egin ditu Oriok. Hauek izan dira gaurko denborak:

  1. Orio-Orialki 11:06,62
  2. Arraun Lagunak 11:16.56
  3. Donostiarra 11:19.86
  4. Hondarribia 11:21.08

Gizonezkoetan, Orio laugarren eta Zarautz hamaikagarren

Eusko Label ligakoen txanda izan da jarraian. Hiru traineru atera dira gaur Zarauzko Enbatarekin batera lehen txandan, Aresek ezin izan baitu parte hartu, COVID-19 kasuren bat tarteko. Lehen luzean eta bigarrenaren hasieran gertutik jarraitu dio Zarautzek Lekittarrari, baina bigarren luzean hautsi egin dute estropada bizkaitarrek, eta hirugarrenean asko handitu da aldea. Lekittarragandik 20 segundora jarri dira zarauztarrak, eta alde handiarekin, Tirangoak izan dira azkenak. Azkena da Enbata sailkapenean, eta gaur Tiranekiko (azkenaurrekoarekiko) aldea apur bat laburtzea lortu badute ere, oraindik lan handia egin beharko du beheko zulotik atera ahal izateko.

Oriok, berriz, nagusitasun handiz irabazi du bigarren txanda gaur, Zarauzko 44. Ikurrina jokoan den bi estropadetako lehenengoan. Oso txukun egin ditu lanak, eta txandako beste hiru traineruei aldea atera die. Ohorezko Txandan atera den Zierbenak baino denbora hobea egin du Oriok, beraz, laugarren izan da gaurko sailkapenean. Hori dela eta, ohorezko txandan aterako da bihar Orio. 

Hondarribiak irabazi du gaurko jardunaldia, emozioz betetako ohorezko txandan. Santurtzi eta biak nor baino nor aritu dira poparean, itsasoko olatuen bultzadak baliatu nahian. Gaurkoan, bi traineru horiek erakutsi dute gainontzekoak baino koska bat gehiago direla aurtengo denboraldian. Hauek izan dira gaurko denborak:

  1. Hondarribia 20:24,42
  2. Santurtzi 20:26,12
  3. Donostiarra 20:36,50
  4. Orio-Orialki 20:45,34
  5. Zierbena 20:56,46
  6. Lekittarra 20:58,36
  7. Bermeo Urdaibai 20:49,38
  8. Ondarroa 21:01,96
  9. Cabo 21:10,30
  10. Zarautz-Gesalaga-Okelan 21:16,86
  11. Tiran 21:31,38

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide