Autoetatik trainerura

Mailo Oiarzabal 2021eko ekainaren 24a

Iker Zinkunegi, lehen planoan, Orio Bren traineruan lehiatzen. (Utzitakoa)

Topikoak dio Errezil zilindrada handiko autoen paradisua dela; eta errezildarrak, bereziki gazteak eta gizonezkoak badira, auto lasterketen eta abiaduraren zale porrokatuak direla. Topikoek ez dute ez beti, ez guztietan asmatzen errealitatea deskribatzerakoan, baina benetakoak diren joeretatik abiatuta eraikitzen dira gehienetan. Horrela, bere herriarekin lotutako topiko autozalearekin guztiz bat egiten du Iker Zinkunegik (Errezil, 1995). Autoak eta auto lasterketak gustuko izateaz gain, lasterketetan parte hartutakoa da, baita auto gidari lanean txapelketaren bat irabazitakoa ere. Azken urteetan, ordea, lau gurpilak alde batera utzi eta olatu gainean dabil Zinkunegi, Orioko arraun elkartean.

Lagun bat animatzen hasi, eta hari laguntze aldera iritsi zen arraun mundura errezildarra, duela hiru urte: "Kuadrillako bat gimnasioan-eta asko ibiltzen zen, eta neuk esaten nion, gorputz hori edukita eta prestatzen zen moduan prestatuta, probatu beharko zukeela arraunean. Berak esan zidan hasiko litzatekeela, baina bakarrik hastera ez zela animatzen. Orduan, bera hasi zitzaidan niri, biok zergatik ez ginen hasten galdezka. Nik 'nola ba!' esaten nion, baina azkenean horrelaxe hasi ginen, biok". Lagunaren osaba bat lehen Orion ibilita zegoen, hari galdetu zion lagunak zer egin beharko luketen arraunaren munduan sartzeko, eta Orioko klubean sartu ziren biak. Eta, gauzak nola izaten diren, Zinkunegiren lagunak ez zuen asko iraun arraunaren abenturan, baina errezildarra "kateatu" egin zuen beretzat berria zen kirolak.

Orioren B taldean egiten du arraun Zinkunegik, bertan ekin dio hirugarren denboraldiari. Aitortu du hasi zenean "arrauna zer zen ere ideiarik ez" zeukala, kirol horrekin inoiz harremanik izan gabea baitzen aurretik. "Rallyen mundutik nentorren. Betidanik izan naiz kotxezalea, eta auto lasterketetan ari nintzen bitartean hasi nintzen arraunean", dio. 19 urterekin hasi zen errezildarra auto lasterketetan parte hartzen. "BMW zahar bat hartu eta prestatu genuen. Aurrena slalomak eta Azpeitia inguruan antolatzen ziren lasterketak egiten hasi nintzen, eta hortik rallyen eta rallysprinten mundura pasatu nintzen", kontatu du. Bi urtez aritu zen Zinkunegi era horretarako lasterketetan lehiatzen. 2019an, bere kategoriako Gipuzkoako txapeldun izan zen, eta Euskadiko Txapelketan bigarren sailkatu zen.

Arraunean hasi ondoren utzi zituen auto lasterketak: "Ibili nintzen bietan batera hasieran, baina utzi egin behar izan nuen. Arraunak denbora asko kentzen dizu, eta kotxeek ere denbora asko eskatzen dute. Oso lotuak diren bi kirol dira, justu. Kotxea saltzeko aukera sortu zitzaidan, eta arraunari serio eustea erabaki nuen".

Zinkunegi, auto lasterketa batean. /CMV Fotoracing)

Asko ikasteko, gora begira

Gustura dabil Zinkunegi Orion. Zerotik hasita, klubaren senior mailako bigarren traineruan tokia egitea lortu du. "Hor dabiltzanak txikitatik ari dira arraunean, ni 22 urterekin ailegatu nintzen taldera, eta hori antzeman egiten da, beste edozein kiroletan bezala", dio. Asko sufritu eta ikasi behar izan du orain arte, eta badaki oraindik asko duela ikasteko, baita hobetzeko ere, gainerako taldekideekin partekatzen duen ametsa betetzera iritsi ahal izateko: talde nagusira iristea eta Oriorekin TKE ligan lehiatzea.

Aurreko helburuak ditu, momentuz, esku artean. Taldera iritsi zenean KAE2 mailara jaitsi berria zen Orio B, baina KAE1era itzultzea lortu zuten berriro. B taldea izanagatik, taldean "egundoko maila" dutela eta "oso jende ona" dagoela nabarmendu du errezildarrak; horren seinale izan daiteke Oriokoa dela KAE1 ligan lehiatzen ari den B talde bakarra. Traineruan postua lortzea "asko kostatu" zitzaion Zinkunegiri, eta postu horri eusteko eta maila gero eta hobea emateko ari da lanean. Taldeari dagokionez, aurten dituzten lehiakideen maila kontuan hartuta, mailari eustea, "hor agoantatzea", izango da Orioren bigarren taldearen helburua.

Orain arteko helburuak betetzen joan da, eta talde nagusira iristea du errezildarrak hurrengo "ilusioa". Badaki, ordea, "salto handia" dela hori.

Herrian bertan ispilua

1980ko hamarkadan Zumaiarekin garaipen handiak lortutako herrikideen ispiluan begira dezake Zinkunegik. Haietako batzuek bere garaian ez bezala, Zinkunegik badaki igerian, "flotatzeko lain bai behintzat", dio umorez. Ezagutzen ditu Errezilgo arraunlari ohiak eta badu haien lorpenen berri. "Soziedadean elkartzen garenean adar pixka bat jotzen didate, baina animatu ere egiten naute. Ilusioa egiten die errezildar bat berriro hor ikusteak".

Ilusioz ari da Zinkunegi bera Orion, baina ez du guztiz ahaztuta bere beste zaletasuna, eta ez du baztertzen "aurrerago" auto lasterketetara itzultzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide