Hilabetea hastearekin batera ekin zioten arrantzaleek antxoaren kanpainari, eta berdela arrantzatzen ere hasiak dira jada, oraingoz gutxi harrapatu duten arren. Aurtengo antxoaren kuota 33.000 tonakoa da, iazkoa baino mila tona handiagoa, eta kopuru horren %90 inguru Espainiako Estatuko flotari dagokio, 29.700 tona, hain zuzen ere; gainerako kopurua, berriz, Frantziakoari.
Gipuzkoako arrantzaleentzat denboraldi garrantzitsua izan ohi da udaberri partekoa. Miren Garmendia Gipuzkoako Arrantzale Kofradien elkarteko idazkaria da, eta adierazi du antxoaren egoera "oso ona" dela. Kudeaketa planak osatzen dituzte kanpainaren nondik norakoak zehazteko. Hori horrela, ikerketa zientifikoak egin ostean, ikusi dute arrantzatzeko baldintzak egokiak direla. "Biomasa oso ondo dago, eta, aurreko kanpainak bezala, aurtengoa ere ona izatea espero dugu". Getariako Elkano kofradiako idazkari Josu Ezenarroren iritziz ere, aurreikuspenak ez dira txarrak. Hala ere, azpimarratu du ikusteko dagoela Kantauri itsasoaren zer partetan egongo den antxoa eta zer tamaina izango duen.
Edonola ere, hainbat txokotako arrantzaleek urteak daramatzate antxoarentzako kuota propio bat eskatzen; euskal herritarrak ere badaude tartean. Izan ere, Europako Batasunak arrantzatzeko gehienezko kopuru bat ematen dio estatu bakoitzari. Euskal arrantzaleek eskatzen dutena da estatuak duen kuotaren barruan lurralde bakoitzak gainditu ezin duen kantitate bat izatea, nork berea. "Kuotaren kudeaketa gure esku egonez gero, errentagarritasun handiagoa aterako genioke antxoari", nabarmendu du Garmendiak.
Arrantzarako kuota propioa izatea ez litzateke berria izango; berdelarekin eta txitxarroarekin, esaterako, badaukate jada. "Beste arrain batzuekin badaukagu, eta ez dugu ulertzen antxoarekin zergatik ez diguten ematen". Kofradien elkarteko idazkariak azaldu duenez, lehiakortasun handia egon ohi da antxoa arrantzatzen aritzen direnen artean, eta nabari du horrek ez diola mesede egiten sektoreari. "Lehiaketa moduko bat sortzen da, ahalik eta gehien arrantzatzeko". Azken finean, joera hori eteteko modu gisa ere ikusten du antxoarentzako kuota propioa ezartzea.