Eztabaida eta parte hartze handia izan ziren atzo Orioko Pentsamendu Tailerrean

Dorleta Agiriano Lai 2021eko otsailaren 27a

Atzo emozioen inguruan aritu ziren Orioko Pentsamendu Tailerrean, eta saio horretan izan zen "parte hartze izugarria" azpimarratu du Aritz Pardina ekimenaren sustatzaileak. "Jendearen interesa" ikusita, gai berdina lantzeko bigarren saio bat egingo dute.

(Utzitakoa)

Aurrera doaz Pentsamendu Tailerreko saioak Etxeluze Gaztetxean, kontzientziazio dinamikak pizteko ariketa berriei helduta. Atzo emozioen inguruan jardun zuten hamar lagun inguruk, Sergio Villarren gidaritzapean. Aritz Pardina ekimenaren bultzatzaileak atzoko saioaren "balorazio oso ona" egin du, eta azpimarratu zuen "parte hartzea izugarria" izan zela: "Sergiok oso ondo aurkeztu zuen gaia, eta aurreneko momentutik proposatu zituen ariketa oso interaktiboak, jendeak parte hartu ahal izateko. Oso ona izan zen jendearen erantzuna".

Vilarrek aurkeztutako edukiei eta partaideen "iritziari" dagokienez, Pardinak azaldu du "puntu askotan bat egin" zutela dinamizatzailearekin, baina, "orokorrean", "iritzi kontrajarriak" ere azaleratu zirela. "Eztabaida egon zen, eta luze aritu ginen solasean", gaineratu du.

Hortaz, "jendearen interesa ikusita" eta Villarrek ezin izan zituztenez aurkezpenerako prestatutako eduki guztiak landu, erabaki zuten bigarren saio bat egitea emozioen inguruan jarduteko. Oraindik ez dute data berria zehaztu, baina Pardinak aurreikusi du "laster" izango dela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide