Atzo hil zen Txomin Orbañanos oriotarra, Hondarribia Arraun Elkarteko gizonezkoen taldeko bigarren entrenatzailea. Hala, arraun munduak aitortza egin nahi izan dio Txomin Orbañanosi, komunikabideetan lehen lerroan agertu ez bada ere, Mikel Orbañanos anaiaren ondoan izan delako beti, behar-beharrezkoa den isilpeko lana egiten. "Zure izena ez da arrauneko liburuetan agertuko, ezta estropadetako palmaresean. Baina betiko grabatuta dago gure ontzi guztietan, gure tosta eta arraunetan, baita klubeko hormetan. Eta gure bihotz guztietan. Goian Bego", adierazi du Hondarribiako Arraun Elkarteak sare sozialetan. Orioko eta Zarauzko arraun elkarteek ere Orbañanosek arraun munduan egindako lana aitortu nahi izan dute, eta doluminak eman dizkiete familiari eta elkarteari. "Txominen galerak hutsune handi bat utziko du arraunaren mundu txiki honetan", adierazi du Orio Arraunketa Elkarteak sare sozialen bidez.
Hondarribia Arraun Elkartean aritu baino lehen, Orio Arraunketa Elkartean ere arraunean egin zuen Orbañanosek, beterano mailan. 1989ko Espainiako Txapelketan, esaterako, skiffean zilarrezko domina lortu zuen, eta 1990an, trainerilletan beteranoen bandera irabazi zuen Santoñan.
Hileta elizkizuna astelehenean izango da Zarauzko Aita Frantziskotarren elizan, Orbañanos bizi zen herrian, 18:30ean. Horrez gain, datorren igandean, otsailaren 14an, Txomin Orbañanosen aldeko meza egingo dute Orioko parrokian, 12:00etan.