Etxera bidean da Patxi Uranga, kartzelatik ateratzeko jaso duen lehen baimenarekin

Iñigo Gaiton 2020ko aza. 6a, 22:00

Xua Gurasoekin Etxera plataformak adierazi duenez, 17:30ean atera dira Aranjuezeko espetxetik Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster, eta astelehenean Martutenen aurkeztu beharko dute. Zortzi hilabete eta gero, Xua alabarekin elkartzeko aukera izan dute bi presoek.

Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster presoak Usurbilera bidean dira, Xua Gurasoekin Etxera plataformak jakitera eman duenez. Kartzelatik ateratzeko hiru eguneko baimena jaso dute bi presoek, eta hori bukatutakoan, Martutenen aurkeztu beharko dute. Datozen egunak Usurbilen emango dituzte Urangak eta Lasagabasterrek, plataformak adierazitakoaren arabera: "Familia giro intimoan egongo dira egun hauetan, eta ez da inolako harrera edo ekimenik egingo, oraindik ez dituztelako erabat aske utzi".

Hasiera batean, eguerdiko hamabietan zuten Aranjuezko kartzelatik ateratzeko ordua bi presoek, baina arratsaldeko bostetan atera dira. Eguerditik, kanpoan zain izan dituzte etxekoak eta Xua alaba.

Gaur gaurkoz, ekainean dute finkatua espetxetik ateratzeko data. Ordura arteko denboran, Martuteneko kartzelan egongo dira, jaso berri duten hirugarren graduarekin. Datorren astean jakingo dute hirugarren gradu horren baldintzak zeintzuk diren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide