Azkoitiko San Martinen, kanpai jotzean urtebeteko etena

Andoni Elduaien 2020ko azaroaren 6a

Aurten ez da beste urteetako ilararik sortuko Azkoitiko San Martin ermitan kanpaia jotzeko, azaroaren 11n. Egungo egoera tarteko, bertan behera gelditu dira ekitaldiak. Errezilen, Azpeitian Buztinzuriko Errebalean, Azpeitia eta Zestoa arteko Lasao auzoan, Orioko Ortzaikan eta Aiako Urdanetan ere bertan behera utzi dituzte sanmartinetako ekitaldiak.

Gauza jakina da kanpaiak era guztietako berriak jakinarazteko erabili izan direla historian zehar, baita Azkoitian ere. Kanpai hotsaren arabera, heriotzak jakinarazten ziren, hildakoa gizona edo emakumea zen zehaztuz; suteren bat zegoenean ere beste soinu bat ateratzen zuten kanpaiek. Baina horien guztien artean, bada Azkoitian kanpai oso berezi bat: San Martin ermitakoa. Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko kronistak eta historialariak azaldu du horren historia. 465 urte egin behar dira atzera Azkoitiko San Martin ermitaren egunean herritarrek duten ohituraren jatorria ezagutzeko. XVI. menderako hasiak ziren Azkoitian ermitako kanpaiak astitzen. Nola eta zergatik errotu da Azkoitian ohitura hori?

1555. urteko udaberria amaitzear eta uda hastear zela, ekainaren 18an, inork espero ez zuen gertakari bat jazo zen Azkoitian. Inor ohartzerako, Elosu aldean zerua beltz-beltz jarri zen, haizea erabat zakartu, eta kolpetik laino beltz haiek beren barruak ustu zituzten. Sekulako harri-erauntsia bota zuen, baserrietako uzta erabat galduta eta etxeetan txikizioak eraginda. "Oso azkar gertatu zen, eta Elosua aldeko baserri guztietan eragin zituen kalteak, batzuen teilatuak erabat suntsitzeraino", esan du Mendizabalek. Baserritarrak "zisko eginda" gelditu ziren historialariaren esanetan, eta segituan jo zuten haiek udaletxera, gertatu zenaren berri ematera. "Alkateak bilkura deitu zuen udaletxean. Batetik, baserrietan gertatutakoa Jainkoaren zigorra zela esan zuten batzuek batzarrean, eta bestetik, antzeko kasuak saihesteko zer egin zitekeen pentsatzen hasi ziren". Historialariaren arabera, alkateak herriko erretoreari deitu zion gero, eta hark parrokiatik kanpaia jo al zuten galdetu zion apaizari. Horrela jarraitu du kontakizunarekin Mendizabalek: "Apaizak baietz esan zion, jo zuela. Alkateak, baina, beranduegi jo zuela erantzun zion. Orduan, erretoreak azaldu zion sakristauak ez zuela ikusten eliz ataritik Elosua aldea, eta horregatik, ekaitza entzun ostean jo zuela kanpaia". Izan ere, duela 465 urte ekaitzak uxatzeko jo ohi zituzten kanpaiak, hori parrokiatik egiten zuten.

Eliz ataritik herri guztia ikusteko zegoen arazoa tarteko, udalak zaintza lan hori beste leku batetik egitea erabaki zuen: San Martingo ermitatik. "Udalak erabaki zuen berriz ezin zitekeela horrelakorik gertatu Azkoitian, eta San Martingo ermitan zabaletatar bat abade jartzea erabaki zuten. Abadeari etxez-etxe limosna eskatzeko baimena eman zioten, eta Floreaga jauregiko jaunari ere limosna berezi bat eskatu zioten, abadeari ordaintzeko", kontatu du historialari azkoitiarrak.
Mendizabalen arabera, abade hura maiatzetik ekain-uztail aldera bitartean San Martingo ermitan bertan bizi zen, handik herri guztia ikusiko zuelako. Orduan, ekaitza ekar zezakeen lainoak ikusten bazituen, abadearen ardura zen kanpaia jotzea eta konjurua egitea. Kanpai hots etengabearen artean, salmoak irakurtzen zituztela esan du historialariak eta lainoei beren barruak beste leku batean husteko eskatzen zietela. Halere, Martirietako abadeari Martirietatik kanpaiak jotzeko ere eskatu ziotela, handik lehenago ekaitza zetorrela ikusiz gero. Horrez gain, San Martinen kanpaia jotzen zutenean, herriko beste ermita guztietan ere kanpaia jotzeko eskatu zuen udalak. Hori izan zen udalak garai hartan zehaztu zuen protokoloa. 

Garai hartatik dator, beraz, oraindik orain azkoitiarrek gogotsu ospatzen duten kanpai jotzearen ohitura. Duela 465 urteko ezbehar metereologiko hartan oinarrituta, kanpaiak jotzen hasi ziren konjuru edo araoen artean, laino susmagarri haiek beldurtzeko asmoz. Baina, zergatik jotzen da kanpaia azaroaren 11n eta ez ekainaren 18an? Egun hartako gertakaria «oroitzapen gisa» hartuta, San Martin egunean izen bereko ermitan "kanpaia jotzea ohitura" bihurtu dela azaldu du Mendizabalek. 

San Martin eta kanpaia
Kanpaiak ordulari gisa funtzionatzen zueneko lehen aipua 1518. urtean dago jasoa dokumentu historikoetan; ordurako, beraz, bazen kanpaia San Martingo ermitan. Gaur egun San Martinen dauden kanpaiak, gainera, kanpai zahar haiekin egindakoak dira, brontzea bera urtu eta berriz landu zituzten. 1520. urtean, berriz, ermitarako kanpai berria egiteko limosna eskatu zutela gogorarazi du Mendizabalek. "Herritar guztiek parte hartu nahi izaten zuten kanpaia eraberritzeko lanetan. Garai hartan, herrian zabaldu zen urrezko kanpaia zela San Martingoa. Kanpaiaren brontzea urtzerakoan, jendeak etxeko txanponak botatzen zituen, kanpaia beren parte sentitzeko. Horregatik, kanpaia egin zen zuloan txanpon zahar ugari agertu ziren; Portugalgo txanponak eta guzti, pentsa. Garai hartan, antza denez, ez zegoen nahiko txanpon, eta beste herrialde batzuetako txanponak erabiltzen zituzten herritarrek. Azkoitiar txiroenek txanponik txikienak bota zituzten, baina aberatsenek urrezkoak bota zituzten, gutxi batzuk. Hortik dator San Martin eta hango urrezko kanpaiaren kontakizuna", azaldu du historialariak.
Aurten, COVID-19ak eragindako egoera dela eta, San Martin egunean, azaroaren 11n, ez da ospakizun ekitaldirik egingo ermitan. Beraz, herritarrek San Martin ermitan ez dute izango kanpaia jotzeko aukerarik, etxetik joko ote dute azkoitiarrek? 

Beste tokitako sanmartinak ere bertan behera
Errezilen herriko festak izaten dituzte San Martin egunaren bueltan. Aurten, ordea, Errezilgo Festa Batzordeak festetako ekitaldi guztiak bertan behera uztea erabaki du, COVID-19 gaitzak eragindako egoera tarteko.
Azpeitian, Buztinzuriko Errebalean ere festa egiten dute sanmartinetan; aurten, ordea, ez dute ospakizunik izango. Azpeitia eta Zestoa arteko Lasao auzoan ere aurtengo jaietako ekitaldiak bertan behera utzi dituzte.
Kostan, sanmartinen bueltan, Aiako Urdaneta auzoan eta Orioko Ortzaikan ospatu ohi dituzte jaiak urtero. Bi auzo horietako jaietako ekitaldiak ez dituzte egingo aurtengoan, pandemiaren eraginez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide