Patxi Uranga oriotarra Martutenera eramango dute, eta hirugarren gradua emango diote

Aiora Larrañaga 2020ko azaroaren 5a

Espainiako Espetxe Zuzendaritzak jakitera eman du Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster presoak Aranjuezeko —Madril, Espainia— espetxetik Donostiako Martutenera lekualdatuko dituztela. Biei hamabi urteko zigorra ezarri zieten 2009an, eta, orain, hirugarren gradua eman diete.

[caption id="attachment_386371" align="aligncenter" width="1200"] Patxi, Olatz eta alaba Xuaren aldeko elkarretaratze bateko irudia (Onintza Lete Arrieta)[/caption]

Espainiako Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusi Angel Luis Ortizek agerraldia egin zuen atzo Espainiako Kongresuan, eta bost euskal presoren lekualdatzearen berri eman zuen. Orion, Xua Gurasoekin Etxera plataformako kideek poz handia hartu zuten berria jakin dutenean. Izan ere, Euskal Herriko espetxeetara ekarriko dituztenetako bi Patxi Uranga preso oriotarra eta haren bikote Olatz Lasagabaster dira. "Patxik eta Olatzek oraindik ez dakite Martutenera lekualdatuko dituztela. Abokatuak Lasagabasterren amonari deitu dio, eta presoek biharko [gaur] deiarekin jakingo dute albistea".

Plataformako kideek gogorarazi dute pandemia garaia "oso gogorra" izan dela Urangaren eta Lasagabasterren alaba Xuarentzat. "Urtarrilean atera zen Xua Picassenteko espetxetik [han jaio zen eta 3 urtera arte bertan bizi zen amarekin], eta otsailetik ezin izan ditu gurasoak ikusi, aurrez aurreko bisitak eten egin dituztelako pandemiagatik. Oso egoera gogorra da 3 urteko haurrarentzat, eta espero dugu laster haurrak gurasoekin eta ahizpa txikiarekin biltzeko aukera edukitzea". Izan ere, uztailean jaio zen Maddi, Urangaren eta Lasagabasterren bigarren alaba.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide