Iosu Bastida: "Texasen errepublikarrak dira faboritoak, baina demokratek irabazteko aukera dute"
Iosu Bastidak (Azkoitia, 1977) sei urte daramatza Houstongo Cypress (Texas, AEB) herrian bizitzen. Lanera joan zen hara familiarekin batera, eta "gustura" bizi da. Gaur egingo dira AEBetako hauteskundeak, eta bi dira presidentetzarako hautagaiak: Donald Trump errepublikarra eta Joe Biden demokrata. Azkoitiarrak ez ditu hauek AEBetan bizi dituen aurreneko hauteskundeak, duela lau urte ere han zegoelako. Bozak nola bizi dituen azaldu du Bastidak.
Orain dela bost urte, 2014ko abenduan, joan zinen bizitzera Houstongo Cypress herrira, lanera. Familia eta guzti. Petrolio eta gas sektorerako lan egiten duen enpresa batean ari zara lanean, ezta? Gustura?
Bai, Ulma enpresarekin etorri ginen Houstonera, eta gustura gaude hemen. Jende jatorra topatu dugu.
Zer giro dago hor hauteskundeen atarian?
Momentu honetan ez dago besterik telebistan, irratian eta Interneten. 2016ko hauteskundeak ere hemen bizi izan nituen, eta askoz ere lasaiagoak izan ziren.
Nola bizi izan duzue hauteskunde kanpaina?
Pertsonalki beti gustatu izan zait politika, eta dezente jarraitu dut. Gainera, bertako lagunei ere gaia ateratzen saiatzen naiz, bi aldeetako jendearekin hitz egiteko.
Bi hautagai iritsi dira bozetako azken txanpara: Joe Biden eta Donald Trump. Nolakoak direla esango zenuke?
Joe Biden 47 urtean dabil politikan. AEBetako presidenteordea izandakoa da, eta alderdi demokrataren barruan moderatua dela esango nuke. Bestalde, Donald Trump… Ez da erreza gizon hori definitzea.
Irakurri elkarrizketa osorik, hemen.
Eneko Bereziartua: "Trumpek presidente karguan beste lau urte egitea oso arriskutsua izango da denontzat"
Idahon jaio bazen ere, Azpeitiarekin lotura estua du Eneko Bereziartuak (Boise, AEB, 1991). Aita azpeitiarra du, eta berak ere hainbat bisita egin izan du herrira, are urtebetez bertan bizi izan zen. Gaur, azaroak 3, presidentea aukeratzeko hauteskundeak dira AEBetan, eta hainbat estatutako herritarrak hasi dira dagoeneko botoa ematen. Bozei buruz hitz egin du Bereziartuak.
Hauteskundeak iritsi berri, zer giro dago Idahon?
Jendea nahiko urduri dago, hauteskundeak iritsi eta pasatzeko zain. [Joe] Biden da faboritoa orain, baina duela lau urte ere inork ez zuen espero [Donald] Trumpek irabazterik. Beraz...
Nola bizi izan duzue hauteskunde kanpaina?
Jende gehiena nahiko kezkatuta egon da kanpaina osoan zehar. Bi eztabaida egin dituzte, eta biak lotsagarriak eta nekagarriak izan dira. Herritar askok bazekiten nori emango zioten botoa kanpaina hasterako, eta horregatik, ez dute denbora gehiagi pasatu kanpaina jarraitzen.
Bi dira hautagaiak: Biden eta Trump. Nolakoak direla esango zenuke?
Ez bat eta ez bestea, bietako inor ez zen izango nire lehen aukera, baina bai, bi horiexek ditugu aukeran. Mundua askoz ere seguruago sentituko da Bidenekin, baina egia esan, ez dakit gauzak zenbat aldatuko diren bera presidente izanda. Ideia hobeak ditu, baina ideiatik ekintzetara pasatzea zailagoa da.
Bata demokrata, bestea errepublikanoa. Zer alde dago bien artean?
Bi alderdien arteko sistema hori gero eta txarragoa ari da izaten denontzat. Biak ari dira indartzen, eta ez dago beste alderdientzat edo ideientzat lekurik. Politikariek badakite alderdirik gabe ezin dutela ezer egin, eta horregatik, denek alderdiak agindutakoa egin behar izaten dute; ez dago tokirik bi alderdi horien erdian daudenentzat. Gaur egun, gainera, nahi duenak nahi duen informazioa eskuratzen du: errepublikanoek alde bateko berriak irakurtzen dituzte, eta demokratek, beste aldekoak.
Irakurri elkarrizketa osorik, hemen.
Jason Coon: "Beste aldekoa ere entzun behar dela uste dut, hobeto ulertu eta alferrikako eztabaidetan ez sartzeko"
Jason Coon-ek (Morton, Illinois, AEB, 1983) eta bere familiak bost urte daramatzate dagoeneko Orion. Amerikako Estatu Batuetatik (AEB) etorri ziren, eta herrian ezagunak dira senar-emazteak eta lau haurrak. Beregana jo dugu han gaur egingo diren hauteskundeei buruz galdetzeko.
Illinoisen jaio, baina familia Michiganen eratu zenuten. Estatu giltza horietako bat da: zergatik da hain garrantzitsua?
Amerikako Estatu Batuetako sisteman, ez zaio zuzenean hautagaiari botoa ematen, baizik eta estatu bakoitzeko ordezkariei. Ordezkari horiek, gero, beren aldeko presidentegaiari ematen diote boza; baina, kontua da, estatu batean botoen %51 eskuratzen duen alderdiak estatu horri dagokion ordezkari guztiak lortzen dituela. Honek egiten duena da, errepublikarren edo demokraten aldekoak garbi ez diren estatuak oso garrantzitsuak izatea hauteskundeak irabazteko. Horregatik jartzen dute hainbeste indar azken egunetan estatu horietan; garbi ez dagoenez, beren alde jo eta hauteskundeak irabaz ditzaten. Estatu batzuk beti dira gorriak, eta beste batzuk urdinak, baina Michigan, Floridarekin eta beste batzuekin batera, zalantza sortzen duen horietako bat da. Aspalditik datorren sistema bat da; jende gutxi bizi den estatuek ere nazio mailan ahotsa izan zezaten ezarri zuten.
Zer du Trumpek estatubatuarren zati batentzat horren erakargarri izateko?
Denetarik pixka bat. Ez da ahaztu behar negozio gizona dela. Batetik, betiko errepublikarrak daude, bai edo bai alderdiko hautagaiari botoa ematen diotenak. Bestetik, erdian badago jende bat arrazoi jakin bategatik botoa ematen diona. Esate baterako, nire koinatua armazalea da, eta nola Trumpek armen erabilera defendatzen duen eta besteak ez, ba horrexegatik bakarrik eman diezaioke botoa.
Nola bizi duzu tentsio hori zure inguruan, familian eta abar?
Bueno, tabu moduko bat da, egia esan.
Michiganen, badirudi, istiluak gertatzeko beldur handia dagoela.
Ba gauza bat esango dizut: hemendik okerrago ikusten da hori handik baino. Han batekin eta bestearekin hitz egiten duzu, eta hiri handietan igual zerbait pasa daitekeen arren, badakizu herrietan ez dela ezer gertatuko. Hemen, zeure buruari esan behar diozu ez dela horrenbesteraino, bestela medioetan ikusten duzunarekin erraz kezkatu zaitezke.
Irakurri elkarrizketa osorik, hemen.