Asier Esnalek Igor eta Mikel anaiekin batera dauka Dhemen diseinu eta ingenieritza estudioa Orion. 400dik gora proiektu egin dituzte hogeita bost urteko ibilbidean: itsasontzi, kasko, moto...diseinuetatik hasi, makina erreminta sektoreko makinetatik pasa, eta Iberdrolarentzako kotxe elektrikoak kargatzeko hornitegietara arte. «Baita gorputzerako krema enpresa txiki-txiki batentzako potetxoa diseinatu ere», gehitu du Esnalek. Azken hilabeteetan, proiektu potoloak ere eduki dituzte esku artean. Izan ere, Txinako gobernuak Xiong’An hiria aukeratu du etorkizuneko hiriaren proiektua egiteko, eta oriotarrak bigarren gelditu dira hiri horretarako kale altzariak diseinatzeko lehiaketan.
Zertan datza zuek aurkeztutako proiektua?
Duela bi urte hango arkitektura talde handi batzuekin 2030. urterako hiri baten diseinu orokorra egin zuten, etorkizunean egingo diren hirientzat eredugarri izateko arlo guztietan, batez ere teknologikoki, baina baita hiria planteatzeko modua bera, energia berriztagarrien gaia, etab. Proba egin nahi dute, eta ondo badoa, beste hirietan ezarri. Eta etorkizuneko hiri hori diseinatzerakoan, eta hor sartzen gara gu, behar dituzte erabaki nolakoak izango diren ekipamendua edo kaleko altzariak: autobus geltokiak, kale-argiak...
Proiektu interesgarria dirudi. Beste herrialdeak ere ari dira halako egitasmoekin?
Badaude antzeko esperientziak bai Europan, bai Amerikako Estatu Batuetan, baina beste era batera; ez hiri oso bat, baina probak egiten dira gauza zehatzetan, eta gero zabaldu egiten dira. Txinan, berriz, Xi Jinping presidenteak hori bultzatzen badu, inpaktu ikaragarria dauka, eta esan badute 2030ean hiria prest egongo dela, egin egingo dute.
Zuek flyscharen kontzeptua sartu zenuten aurkeztutako proiektuan. Nola laburbilduko zenuke zuen lana?
Guretzat, diseinu prozesuan, inportanteena da hasierako kontzeptuak fundamentua edukitzea, oinarri sendo bat. Behin hori lortuta, diseinua etorriko da. Igorrek segituan ikusi zuen lotura ona eduki zezakeela flyscharekin. Zergatik? Bada, hiri horren bihotza bezala delako ura: laku eta padura izugarri handiak ditu. Eta beraiek nahi zuten, ohi den bezala, sustraiak ere erakustea teknologiarekin batera. Beraz, flyscharen bitartez azaltzen genuen nola denboraren joanarekin lurra higatzen den, eta azaltzen diren guretzat gakoak diren figurak: estratu edo geruzak. Diseinua geruza horietan oinarrizen da. Gainera, flyscha ez da Zumaia inguruko fenomenoa bakarrik, mundu osokoa baizik. Sare handi bat dago, eta zati bat Txinan bertan ere bai. Hortik abiatu genuen proiektu osoa, diseinurako ere aukera mordoa ematen zuelako.

Diseinurako aukera mordoa, zer zentzutan?
Materialekin jolastuta, adibidez. Batzuk teknologikoagoak dira, beste batzuk tradizionalagoak... Esaterako, han ihia edo junkoa oso ohikoa da, oso tradizionala. Horrez gain, geruza horietan teknologia integratu daiteke: argiak, sentsoreak, etab.
Erronka handiena zer izan da?
Altzari guztiei koherentzia ematea, hizkuntza formala bera izatea. Ez baita gauza bera kale-argi bat diseinatzea, banku bat, zakarrontzi bat edo autobus geltoki bat. Hori zen erronka.
Zeinek hartu zizueten aurrea? Txinatarrek, edo...
Uste dut italiarrak direla. Baina sekulako mailako enpresek hartu zuten parte lehiaketan; bat Beijingo estadioa egin duena, beste bat estudioak dituena Tokyon, Shanghain, Amsterdamen eta New Yorken .... Guretzat izugarria izan da. Gainera, aurreneko aldia zen halako lehiaketa batera aurkezten ginena.
Zein da sekretua halako lehiaketa garrantzitsu bat ia-ia irabazteko? Egingo zenuten hausnarketa edo balorazioren bat...
Egia esan, ez. Egunerokoak ez dizu denbora asko ematen halako hausnarketak egiteko, edo pentsatzeko, perspektiba pixka batekin, honek nolako eragina zan dezakeen enpresaren etorkizunean. Inork ez daki, gainera, mundua oso azkar doalako eta gauzak oso aldakorrak daudelako. Dena dela, hau ez da loteria bat, guk Txinara bidaiatzen urteak daramatzagulako. 1999an joan ginen aurreneko aldiz.
Pasatu da denbora pixka bat ordutik...
Bai, bai. Garai hartan hemengo bezeroekin joaten ginen, hemen egiten ziren proiektuak han gauzatzen zirelako. Gero, harreman estua egin genuen hango enpresaburu batekin, moto bat diseinatu genuen, esaterako, eta estudio bat ere eduki genuen han. Alegia, prozesu luze bat bizi izan genuen. Eta gure ondorioa zera izan zen: Asia asko mugitzen ari dela, oso dinamikoa dela, fabrika pila bat eta diseinatzaile pila bat daudela, eta hemen ez daukagula horren berri, eta gurean, diseinuan, adi egon behar dugu gertatzen ari denari. Horregatik, enpresa batekin akordio batera iritsi ginen, eta orain, esan genezake gure presentzia haiek direla Txinan. Haiek eman ziguten lehiaketaren berri, eta taldea osatu genuen China Academy of Arts-eko ikasleekin–hiru urte generamatzan elkarlanak eginez haiekin–. Beraiek egin zuten azkeneko aurkezpena, baita diseinuak maketa bihurtu ere. Izan ere, denbora asko behar da gauzak hemendik hara bidaltzeko.
