Joan den astean zabaldu zuten kofradia zaharrean eta Dike eremuan egitekoak diren proiektuaren plangintza, Arraunetxen, eta igandera arte ikusgai izango dira hirigintza plana eta lanen azalpena. Joxe Mari Alkorta arkitektoak lan horien inguruko azalpenak eman eta hainbat zalantza argitu dizkio UROLA KOSTAKO HITZA-ri.
Alkortak azaldu du eremu bakar bat osatuko dutela kofradiak eta Dikeak: "Eremu etena deitzen diogu. Bien artean osatutako plangintza bat da, eta ideia horrekin egin nahi duguna da Oriok gaur egun dituen gabezia batzuk asetu eta zailtasun batetik sortutako aukerari aurre hartu". Horretarako, "XXI. mendeko auzoa eta ekipamenduak" sortu nahi dituzte.
Dikean 260 etxebizitza eraikitzea proposatu dute: horietatik 60 etxebizitza babestuak dira, bi heren babes ofizialekoak izango dira, ia heren bat tasatuak, eta gainontzekoak, libreak. Alkortak nabarmendu du garrantzia emango diotela etxeak espazio zabalekoak izateari: "Azken hilabeteotan bizi duguna kontuan hartu dugu eta nahi dugu etxebizitzak terraza handikoak eta orientazio onekoak izatea. Errio aldera begiratuko dute, Dikean hegoaldera begiratzea esan nahi du horrek, eta hori oso garrantzitsua da. Ordenagailuei eta telebistari begira bizi gara, baina orain konturatu gara etxeek kanpoko eta barruko espazioak behar dituztela".
Arkitektoak azaldu du Eusko Jaurlaritza ere ari dela lanean ordenantza berriak "XXI. mendera egokitzeko": telelana egiteko, adibidez, gelak zabalagoak izatea jasoko dute ordenantza horietan. Hori ere badago Dikeko eta kofradiako plangintza horretan, Alkortak dioenez. "Nahi duguna da etxebizitza egokiak, leku egokia eta inguru egokia osatzea. Gainera, badakigu Dikea dela Oriok duen azken aukera lur lauetan horrelako zerbait egiteko", nabarmendu nahi izan du.
Hala eta guztiz, etxebizitzak eraiki arren, aparkaleku publikoa mantentzea da beren asmoa: "Alde batetik, garbi dago Orion badagoela aparkaleku gabezia bat. Gehiago esango nuke, irisgarritasun gabezi bat dago, eta horren zati bat da aparkalekuena. Kontuan izan behar da, gaur egun, Dikean bi eremu daudela aparkatzeko erabiltzen direnak, eta hori zerbaitegatik da. Ez litzateke zentzuzkoa izango horiek kentzea eta aparkalekuak ez egitea". Beraz, guztira, 140 plaza izango ditu aparkaleku publikoak.
Bestalde, Alkortak dio nahi dutela Dikea eremu irisgarria izatea: «Auzo bizi bat izatea nahi dugu, egituratzailea. Erdigune berri bat. Hori egiteko, ordea, irisgarritasuna garrantzitsua da. Elkarbizitza, komertzioa… faktore horiek guztiak irisgarritasunarekin lotuta daude. Horregatik, aparkaleku publikoarentzat lekua antolatu dugu, baina sarrera-irteerak eremuaren ertzetik izango dira, erdialdea leku lasaia eta babestua izan dadin». Aparkaleku publikoaz gain, etxepeetan aparkaleku pribatuak ere egingo dituzte, Alkortaren arabera.
"Bigarren saiakera"
"Plan honen jatorria 2005ekoa da, Orioko Udalak Kofradiarekin hitzarmena itxi zuenekoa. Urte hauetan guztietan udalaren gaineko beste erakunde batzuk zailtasunak jarrri dituzte,eta azkenean ez da posible izan hori aurrera eramatea. Oraingoa, bigarren saiakera da", dio.
Dena dela, oraingo honetan planteamendua guztiz aldatu dutela azaldu du arkitektoak: "Ez da posible kofradia zaharra zegoen eremuan etxebizitzak egitea; horregatik, kofradiari dagozkion etxebizitzak Dikera pasa ditugu. Nahiz eta proiektua bi lekutan garatuko den, eremu bakarra osatzen dute, eta aprobetxatuko da kofradiak duen potentziala ekipamenduak egiteko. Hala, eraikinaren zati bat pribatua izango da –kofradiako espazioak osatuko du–, eta beste bat publikoa".
Kofradia
Kofradiako ekipamendu pribatuan, San Nikolas Kofradiako bulegoak egongo dira, eta bestetik, erretiroa hartu duten arrantzaleentzako elkarte bat ere egingo dute, Alkortaren arabera.
Bestalde, azaldu du kofradiaren eremu publikoa izango dela "Orioren eta Oriaren ondare kulturalaren eta naturalaren arteko harremanaren bihotza": "Udalak orain erronka oso polita du harreman hori aztertzeko". Arkitektoaren arabera, Portu Zuzendaritzari zegokion lehen kofradiaren zati bat, baina aldaketa egin dute dagoeneko. "Ezinezkoa izango litzateke lehengo eraikin bera eraikitzea eta", gaineratu du.
Begiratua izatera salto
Erreferentziazko eraikina zen lehen kofradia, "begira geratzeko modukoa", arkitektoak dioenez. Orain, ordea, "eraikinak berak bere ingurura begiratzea" nahi dute. Horretarako, interpretazio zentro bat egin nahi dute kofradian, "lehen zena, orain dena eta izan daitekeena balioan jartzeko". Hori guztia, "ikuspuntu bizi batetik" erakutsi nahi dute: "Errioa bera, harremanak, natura, kondairak, kirola... aztertu nahi ditugu zentro horretan. Orioren barruan dago guzti hori, eta garrantzia handia du Orio berria garatzeko".
Alkortak azaldu duenez, beren asmoa lanak lehenbailehen hastea zen, baina zenbait faktoreren arabera jokatuko dute: "Egoera ekonomikoa, egoera soziala, beharrak... hor daude, eta horiek guztiek markatzen dituzte epe ezberdinak. Malgutasun handia izango dugu, eta beharrek edo zailtasunek jarriko dizkigute epeak. Hori da buruan duguna".
Ainara Munduate Orioko Udaleko Hiriguntza zinegotziak azaldu du hirigintza plana aurrera ateratzeko lanean ari direla: "Egoerari irtenbidea emateko lanketa bat egin zuten aurreko agintaldiko alderdi ezberdinek, eta azkenean lortu zuten Dike eremuari eta kofradiari erantzun bateratua ematea. Aho batez sinatu zuten hitzarmen hori. Gu iaz iritsi ginen udalera, eta orain hitzarmen hori jaso eta betetzeko lanean ari gara. Lanketa egin dugu, planteamendua aztertu dugu, gustatu zaigu eta aurrera ateratzen ari gara", dio Munduatek.