Tabernetako terrazak lehengoratzeko eskatu du Orioko Udalak

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uztailaren 9a

Deskonfinamenduan, tabernek irekitzeko baimena jaso zutenean, Udalak aukera eman zien tabernariei terrazak zabaltzeko. Orain, neurriak lehengora itzultzeko eskatu dute.

Konfinamenduaren ondoren, herritarrek berriz kalera irteteko aukera izan eta aste gutxira, ostalaritza establezimenduek euren ateak zabaldu zituzten Espainiako eta EAEko Gobernuek baimenduta. Udalerri askok taberna eta jatetxeei terraza handitu eta zabaltzeko aukera eman zieten, segurtasun distantziak eta bezero kopurua mantendu ahal izateko.

Orioko Udalak adierazi du momentuan hartutako erabaki bat izan zela, ostalariei laguntzeko. Udalak agindua emana du jada terraza guztiak lehengoratzeko, eta jakitera eman duenez, tabernari gehienek berehala murriztu eta lehengo neurrietara ekarri dute beraien terraza. Establezimendu gutxi batzuk, aldiz, ez; egun hauetan udaltzainen bisita jasoko dute eta jakinarazpen bana emango zaie.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide