Polizia operazio zabal baten berri eman du Guardia Zibilak. Izan ere, droga trafikoa egotzita, 25 pertsona atxilotu ditu, horietako bat Orion. Atxilotuei 114 kilo speed, 104 kilo marihuana, 26 kilo anfetamina likido eta 100.000 euro atzeman dizkiete operazioan, baita substantzia gehiago ere. Armak ere bazituzten. "Espainiako speed ekoizpen handiena osatzen zuen talde honek", esan du prentsa oharrean Guardia Zibilak.
Antza, Orioko etxebizitza batean droga laborategi bat ere aurkitu diote taldeari. Beste laborategi bat ere atzeman dute, hori Nafarroako Arguedas herrian. Euskal Herrian egin dituzte atxiloketa gehien, Nafarroan 17 eta Gipuzkoan bi; Espainian bost, hiru Errioxan eta bi Huescan; eta bat Frantzian, Virsac-en.
Droga operazioa iazko otsailean abiatu zuen Guardia Zibilak. Poliziaren arabera, atxilotuek alokairuko autokarabanak erabiltzen zituzten droga garraiatzeko, eta familia bidaia turistikoen itxura egiten zuten. Hala, Europako puntu batzuetatik Nafarroara ekarri eta eramaten zuten droga nahiz dirua.