Antilla hondartza «dinamikoa» izatea erabaki zuen Udalak maiatzaren bukaeran, itxialdiaren arinaldi prozesua martxan zela, herritarren segurtasuna bermatzeko. Bihartik aurrera, ordea, egoera aldatu egingo da, «normaltasun berria» sartuko delako indarrean. Normaltasun berrian hondartza ez da dinamikoa izango eta, beraz, herritarrek aukera izango dute bertan eguzkia hartzen egoteko. Nolanahi ere, Udalak eta Aldundiak hainbat neurri adostu dituzte, egoera berri honetan ere hondartza segurtasunez erabili ahal izateko.
Foru Aldundiarekin elkarlanean egin du neurri horien lanketa Orioko Udalak, helburu argi honekin: hondartzaren erabilerak eta eremuaren masifikazioak sortu dezakeen kutsatzeko arriskua ahalik eta gehien gutxitzea.
Hondartzaren erabilera arautzeko hartu diren neurri nagusiak hauek dira:
- Aforoa kontrolatuko da (uztailaren 1etik aurrera)
- Sarrera-irteerako tokiak mugatuko dira
- Egonaldiak 2-3 ordukoak izatea gomendatzen da
- Elkarren arteko distantziak zaindu beharko dira
- Dutxak eta komunak irekita izango dira, garbiketa-neurri bereziekin
Hondartzan egoteko eremua, mugatuta
Udalak mugatu egingo du hondartzan egoteko eremua (ikusi goiko irudia). Marea goraren marra balizatuko da eta hortik duna-eremura arteko gunea izango da hondartzan egoteko eremua. Balizatutako marratik itsasora arteko eremua, berriz, paseatzeko izango da.
Aforoaren kontrola
Aforoa kontrolatzeko, hondartzan instalatutako kamera biometrikoak erabiliko dira. Kamera horiek emandako datuak mugikorrerako app baten bidez kontsultatu ahal izango dira eta, hartara, erabiltzaileek une oro jakingo dute hondartza dagoeneko beteta dagoen (semaforo gorria), betetzen ari den (semaforo horia) ala lasai erabiltzeko moduan dagoen (semaforo berdea).
Semaforoa gorri jartzen denean, galarazi egingo da hondartzara sartzea eta, beraz, erabiltzaileek itxoin egin beharko dute, gutxienez bi orduz, berriro hori edo berde jarri arte.
Erabiltzaileen sarrerak eta irteerak kontrolatzeko, hainbat sarrera itxi egingo ditu Udalak. Hondartzara sartzeko, bi alboetako sarrera nagusiak erabili beharko dira: errio aldekoa eta mendi aldekoa. Sarrera bakoitzaren ondoan, eskuak-eta desinfektatzeko karpa bat jarriko da. Malekoiaren erdiko bi sarrerak eta gainontzekoak hesituta egongo dira eta ezin izango dira erabili. Gurutze Gorrikoen postuaren ondoko sarrera ere itxita izango da herritarrentzat, eta sorosleek eta surflariek bakarrik erabili ahal izango dute.
Hondartza aurreko berdegunea
Hondartza aurreko berdegunearen aforoa ere mugatuko egingo du Udalak. Horrez gain, eremu bat erreserbatu du, errio aldeko berdegunea, Orioko Barra tabernaren ondokoa, adinekoek eta mendekotasuna dutenek lehentasunez erabiltzeko. Lehentasun hori adierazten duten kartelak jarri ditu Udalak dagoeneko eremu horretan.