Astelehenean ireki zituzten Gipuzkoako Eguneko Zentroak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Oriokoan COVID-19 kasu positibo bat antzeman dutela erabiltzaileen artean. Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundia PCR probak egiten ari da eguneko zentroetako erabiltzaileei, eta orain arte lortutako 255 emaitzetatik, Oriokoa da atzeman duten positibo bakarra. "Koronabirus sintomarik ez du erabiltzaileak eta PCR proba egindakoan jakin du gaitza zuela. Berehala jarri da martxan zaintza epidemiologikorako protokoloa, eta Osakidetza eta Osasun Publikoa kasuaren jarraipena egiten ari dira", azaldu du Mendozak. Hala, aurrerantzean eguneko zentroak osasun agintariek emandako aginduakĀ jarraituko dituela nabarmendu dute foru aldunditik. Oraingoz itxi egin dute Orioko Eguneko Zentroa, eta emaitza guztiak esku artean dituztenean erabakiko dute zer egin.
Nekane Murga Osasun sailburuak gaur jakinarazi duenez, Orioko kasua ikertzen ari dira. "Antza denez, pertsona horrek sintomak izan zituen orain dela denbora asko eta PCR test batean negatibo eman zuen. Horregatik, 'hondar positiboa' izan daitekeela uste dugu", azaldu du.
Dena dela, Orioko Eguneko Zentroko hainbat erabiltzaileren familiak ez daude ados jarraitu den prozedurarekin. "Eguneko zentroa ireki ondoren egin zizkieten PCR testak erabiltzaileei, aurretik egin beharrean. Ostiralean hots egin ziguten esanez kasu positibo bat egon zela egoitzan eta familiartekoak etxera eraman behar genituela". Hala, PCR testetan negatibo eman badute ere erabiltzaile guztiak berrogeialdian jarri dituzte segurtasun neurri gisa, eta berriz egingo dizkiete probak.
Horrez gain, erabiltzaileen familiei ere testak egiten ari dira kutsatuta egon daitezkeen jakiteko. Karkarak jakin du positibo eman duen adineko pertsonaren familia guztiak negatibo eman duela, eta beste erabiltzaileen familiak ere emaitzak jasotzen ari dira. "Guri gaur bertan eman dizkigute proben emaitzak, eta denok negatibo eman dugula esan digute. Hala ere, badaezpada berrogeialdia egin behar dugu, gaia argitu bitartean", azaldu du eguneko zentroko erabiltzaile baten alabak.