Orioko Udalak aurrez emana zuen, atzo goizean bertan, hondartzan egonaldi motzak egiteko aholkua, baina, "Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako gomendioa eta gero, eta azken egunotan antzemandako jokabide desegokiak ikusita", pauso bat gehiago eman du, herritarren segurtasuna eta osasuna bermatzeko. Hala, ezingo da eguzkia hartzen egon, etzanda edo egonean Antilla hondartzan.

Udalak goizeko oharrean eman dituen beste bi aholkuek indarrean segitzen dute oraindik: alegia, posible izango da bertan paseatzea, kirola egitea eta bainatzea. Dena den, gogorarazi du kontu handiz bainatu behar dela, kontuan hartuta sorosle zerbitzurik ez dagoela ekainaren 15era arte, eta hondartzan ere bi metroko segurtasun distantzia gorde behar dela ere gogorarazi du.