Anuska Esnal Oliden Orioko alkateak eta Xabier Ibarguren Azkue kultura, festa eta gazteria zinegotziak COVID-19ak sortutako osasun larrialdiari aurre egiteko udalak azken hilabeteetan hartu dituen neurrien berri eman zuten atzo.
Gizarte Zerbitzuen arloan martxan jarri diren ekimenak azalduz abiatu zuen hitzartzea Esnalek. Agerraldian azaldu zuenez, iaz larrialdi laguntzen eskariak gora egin zuela ikusita, aurtengo udal aurrekontuan laukoiztu egin dute partida hori, eta gizarte larrialdietarako laguntzak jasotzeko irizpideak betetzen ez dituztenentzat diru partida berri bat ere jaso dute. «Horregatik, etxeko lanak eginda harrapatu gaitu koronabirusak sortutako krisiak. Dena dela, nabarmendu behar da aurten dagoeneko iaz urte osoan baino larrialdi laguntza eskari gehiago jaso ditugula». Gainera, jakinarazi zuen udalak ekarpen ekonomikoa egin diola elikagaien bankuari, COVID-19ak sortutako testuinguru berrian eskariak gora egin duelako nabarmen.
Bestetik, merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko neurriak ere hartu ditu Orioko Udalak. Alde batetik, ekainaren 1etik aurrera erosketa bonuak jarriko dituzte herritarren eskura, alarma-egoeragatik itxita egon diren edo diru sarreretan %75eko jaitsiera izan duten merkatariei laguntze aldera. Era berean, Sartu kalera. Bizi kalea. Erosi Orion! lelopean kanpaina bat abiatu dute, herritarrak herriko dendetan kontsumitzera bultzatzeko.
Horrez gain, herriko ostalariei terraza handitzeko aukera eman die udalak, mahaien artean segurtasun tartea gorde eta horrek dakarren kalte ekonomikoa arintzeko. Ildo horretan, tabernetako terrazei eta bide publikoa okupatzen duten merkatariei %95eko hobaria aplikatuko zaie egiten duten okupazio tasaren gainean. Eta, Orioko Udalak murriztu egingo ditu bere jabetzakoak diren lokal eta eraikinetako ostalaritza zerbitzuak ustiatzeagatik ordaindu beharreko kanonak.
Elkarzaintza Zerbitzua
Txurrumuski elkarteak jakinarazi zuen, aurtengo udan ez zela udaleku ireki zerbitzurik izango herrian, orain arteko formatuan legeak ezartzen dituen segurtasun neurriak betetzea ezinezkoa izango delako. Dena dela, Elkarzaintza Zerbitzua eskainiko du Txurrumuskik, udalarekin elkarlanean, zerbitzuaren beharra duten familiei zuzendua.
Astean zehar emango dituzte jakitera Elkarzaintza Zerbitzuaren zehaztasunak, eta aurreinskripzioa egiteko galdetegi bat ere zabalduko dute, familien beharrak identifikatu eta ahalik eta zerbitzurik onena eskaini ahal izateko. Dena dela, Xabier Ibarguren zinegotziak atzo nabarmendu zuen zerbitzua «mugatua» izango dela, eta bakar-bakarrik horren premia duten familiei eskainiko zaiela. «Egoera zaurgarrian dauden familiek, eta bi gurasoak lanean dituzten familiek lehentasuna izango dute. Horregatik, inguruan zaintza sarea duten familiei eskatzen diegu beharra dutenentzat tokia utzi dezatela».
Jaiak, bertan behera
COVID-19ak sortutako osasun larrialdi egoera dela eta, Orioko Udalbatza osatzen duten taldeek aho batez erabaki dute San Pedro jaiak bertan behera uztea, eta Bisiguaren Festa uztailean ez egitea. Hala ere, udalak aztertu egingo du ea badagoen aukerarik Bisiguaren Festa beste hilabete batean eta beste formatu batean egiteko. Ibargurenek azaldu zuenez, «ez dira erabaki errazak izan. Gogo biziz gaude hutsak geratu zaizkigun espazioak jai giroz betetzeko. Kulturatik, berriz ere egin eta eraginez, herri bizitza izaten jarraitu nahi dugula argi dugu. Orain, ordea, ardura kolektiboz jokatzen jarraitzea dagokigu, soseguz, zaintza eta osasuna erdigunean jarrita. Festak eta kultura programazioa itzuliko dira eta indartsuago itzuliko dira». Bide horretan, uztailean areto barruko kultur programazioa martxan jartzeko asmoa du Orioko Udalak eta, abuztutik aurrera, espazio publikoetan egiten diren kultur eta jai ekitaldiei ekingo dietela jakinarazi du.