"Gauza txarrak bakarrik etortzen dira, guri onak pentsatzea eta egitea tokatzen zaigu"

Iñigo Gaiton 2020ko apirilaren 23a

Batera eta bestera ibiltzera ohituta egon arren, Asier Gozategi «ondo» egokitu da itxialdira. Auzoan egunero egiten duten festaren berri eman du, besteak beste.

Zer moduz, Asier?
Ondo, oraintxe bukatu dut bizikleta estatikoan saioa. Orokorrean, lasai nago, ezin dut kexatu, etxekoak eta ingurukoak sano daudelako. Halako krisi baten aurrean, osasuna da garrantzitsuena; osasunari eman behar zaio lehentasuna, ekonomiaren aurretik.

Itxialdian egunero egin al duzu kirola?
Bai. Lehen ez nuen bizikletan aritzeko ohiturarik, arropak zintzilikatzeko gailu modura erabiltzen genuen etxean kar ka kar... Orain, egunero ematen diogu astindua.

Errutina bereziren bat hartu al duzu konfinamenduan?
Alaba txikia dugu etxean, eta hark markatzen du gure egunerokoaren erritmoa; ez dugu errutina berezirik, ez.

Musikari askoren modura, asko bidaiatzera ohituta zaude: kontzertuak, entseguak, askotariko konpromisoak... Ondo egokitu al zara etxean ordu luzez egotera? 
Ondo ezagutzen nautenak beldur ziren: «Ederra zeukak Asierrek, etxean geldirik egon behar badu!», pentsatzen zuten, beti batera eta bestera ibiltzen naizelako. Bada, egia esan, ondo nago etxean. Osasuna dugu, janaririk ez zaigu falta, Internet, telebista... Ezin dugu kexatu.

Konfinamenduak piztu al dizu sormenaren txinparta? Sortu al duzu ezer berririk egunotan?
Azken asteetan denbora gutxi izan dut niretzat umearen zaintzagatik, eta ez, ez dut ezer sortu. Sortzera baino gehiago, inprobisatzera behartzen nau alabak!

Beraz, krisi honetatik ez da Gozategiren disko berririk aterako.
Momentuan behintzat, ez. Gerora, ikusiko dugu. Agian, aurrerago bihurtuko ditugu kantu egunotan burutik pasatako ideiak eta pentsamenduak.

Gozategi taldearen jarraitzaileekin elkarlanean, bideoa argitaratu zenuten duela gutxi. Nolatan?
Egoera zail honen aurrean, sortzaileak berehala hasi ziren Interneten gauzak egiten, eta guk ere gure ekarpentxoa egin nahi izan genuen. Lehen lerroan birusaren aurka lanean ari direnei gure babesa eman nahi izan genien bideoarekin. Horretarako, gure jarraitzaileei muxuen argazkiak eta bideoak bidaltzeko eskatu genien, «Nirekin» abestiarekin batera editatu eta bideoa osatzeko.

Urteak dira uda garaian kontzertu mordoa ematen duzuenetik, plazaz plaza. Ze itxura du aurtengo udak zuentzat?
Logikoa den bezala, maiatzerako aurreikusitako hiru kontzertu bertan behera laga behar izan ditugu. Aurrerago, ez dakigu zer gertatuko den.

Iluntzero festa giro ederra izaten duzue auzoan, ezta?
Itxialdiko lehen egunean hasi ginen balkoian musika jotzen, eta ordutik, egunero aritu gara. Instrumentu desberdinak jotzen dituzte bizilagunek: panderoa, gitarra, saxofoia, bioliña... Nik, soinua. Ia ordubeteko saioa egiten dugu. Egoerari buruzko kopla batzuk ere kantatzen ditugu.

Iluntasunaz gain, argi izpiak ere badira, beraz.
Gauza txarrak bakarrik etortzen dira, eta guri, onak pentsatzea eta egitea tokatzen zaigu. Hor kokatzen dut auzoko festa. Lehen ez nituen bizilagun asko ezagutzen, eta orain harremana egin dugu, itxialdiaren aitzakiarekin. Gauza onak ere utziko dizkigu honek, eta zerbait ikasiko dugu; egoera gordin hau bizi eta ezer ikasten ez badugu, seinale txarra litzateke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide