Familiarekin harremana izateko modu berria

Onintza Lete Arrieta - Ihintza Elustondo - Aiora Larrañaga Solabarrieta 2020ko apirilaren 7a

Konfinamendua hasi zenetik, adineko herritar asko etxean daude, COVID-19 gaixotasunetik babesteko. Egoera berriaren ondorioz, familiarekin hartu-emana zaildu zaie kasu askotan.

Etxetik ez ateratzeko aginduak guztiz baldintzatu du herritar guztien bizimodua, baina bereziki eragin die adinekoei eta arrisku-taldeetako herritarrei, COVID-19 gaixotasunarekin ez kutsatzeko ahalik eta zorrotzen bete behar dutelako konfinamendua. Adinekoen errealitatea ezagutzeko eta etxekoekin harremanetan nola jartzen diren jakiteko, UROLA KOSTAKO HITZAk hainbat familiarekin hitz egin du.

Bilobengandik urrun

Ostiralean, telefono deia amaitzera zihoazenean, 4 urteko bilobak esan zion: "Asko maite zaitut amama". Emozioak gain hartu zion 79 urteko Itziar azkoitiarrari. Martxoaren 10etik ez dituzte alabak eta bilobak ikusi berak eta Jexux Mari senarrak. 86 urte ditu azken horrek, eta ordura arte bizitza normala zeramaten. Itziarrek alabarenean igarotzen zituen astean bizpahiru egun, bilobak zaintzen laguntzeko. Jexux Marik egunero egiten zuen elizarako joan-etorria, bat gutxienez, bai meza entzuteko, bai hango abesbatzan kantatzeko. Realaren eta Anaitasunaren partidak ere beti ikusten zituen, txuri-urdinena etxe ondoko tabernatik, eta herrikoena (mutilena eta neskena) Txerloira bertaratuta.

Aurreneko astea arraro samar pasa ondoren, egoera berrira moldatzen saiatu ziren denen artean. Erabaki zuten Itziar bakarrik aterako zela etxetik ogia eta egunkaria nahiz bestelako enkarguak egitera. Hala ere, elizak ateak itxi zituen arte ez zuten lortu Jexux Mari etxean gelditzerik.

Alaben kezka nagusia zen itxialdiarekin batera itzaltzen joatea gurasoen bizitzeko grina eta sasoia. Hortaz, etxeko lanak jarri zizkieten: egunero pasilloan ordu erdiz ibiltzea, gutxienez (Jexux Mari ordu eta erdi ibiltzen da), iluntzero ateratzea balkoira auzokoekin batera txalo jotzera, eta egunero abesti bat prestatzea, iluntzean bilobei abesteko telefonoz. Internetik, whatsappik eta halakorik gabe, telefonoa baitute komunikazio bide bakarra.

Asteak joan, asteak etorri, umoretsu jarraitzen du bikoteak, baina inoiz baino gehiago ari dira etorkizunean pentsatzen, imajinatzen hau dena amaitutakoan nola joango diren asteburu pasa denak elkarrekin eta nola ospatuko duten itxialdiak bertan behera utzitako biloben urtebetetzea.

Irakurketa lagun

12:30ean jarria dute hitzordua. Azpeitiko San Martin egoitzan dago Lurdes Olazabal (Beizama, 1933). Haren alaba eta biloba, berriz, etxean. Whatsapp bideo bidez, lehen aldiz ikusi dute elkar, konfinamendua hasi zela hemeretzi egun betetzen direnean [apirilaren 2an]. Egoitzako behargin batek lagundu dio Olazabali teknologia berriekin, ez baitago halakoetara ohituta. 86 urterekin, lehen aldiz, bideo dei bat egin du senitartekoak ikusteko. Nork esango zuen.

"Zer moduz?". Horixe alaba-biloben lehen galdera. Ondo ikusten dute ama-amona, betiko moduan. "Ondo", haren erantzuna. Logelan pasatzen duela egun osoa azaldu du Olazabalek, bere gelakidearekin batera, baina ondo dagoela. Erizainak eta laguntzaileak ondoan ditu egunero, eta haien umore ona du aurrera jarraitzeko indar, bisitarik jaso ezin duen une honetan. Egunean bizpahiru bisita edo gehiago jasotzera ohituta dagoenarentzat gogorra izango den arren, moldatu da, halabeharrez, egoera berrira.

Ama-amonak ere galdetu die alaba-bilobei zer moduz dabiltzan, baita familiako gainontzekoen inguruan ere. "Ondo", haiek ere. Egoera honetan, osasunez ondo egoteari "ondo" egotea esaten baitiote, nahiz eta guztiak hegoak ebakitako txoria bezala sentitzen diren. Lanean ari dela kontatu dio bilobak, eta alabak, berriz, etxean dagoela egunotan: sukaldean aritu, eskulanak egin... Halaxe pasatzen duela denbora.

Olazabalek ere badu afizio bat: irakurri egiten du logelan bakartuta ematen dituen orduak arinagoak izan daitezen; Txirritaren istorioak, Lazkao Txikiren bertsoak... Horrelaxe eman beharko ditu egunak, familiakoei egoitzara joatea baimentzen dieten arte. 36ko gerra bizi izandakoa, 11 senideetan zaharrena eta garai gogorrak pasatutakoa; ziur eutsiko diola honi ere.

Koronabirusak ez dio, momentuz, San Martin egoitzari erasan, eta beldurra hor dagoen arren, kutsaturik ez dagoela jakiteak lasaitzen ditu Olazabalen senitartekoak. Egoitzako langileak egiten ari diren esfortzuak fruitua emango duela espero dute etxekoek, eta asko eskertzen dute haiek egiten ari diren ahalegina. Bitartean, zain egongo dira, gaur bideo deiz ama-amonak eman dien musu birtuala benetakoa bilakatuko den eguna iritsi arte.

Kaleak hutsik

Ospitalean harrapatu zuen konfinamenduaren hasierak 88 urteko emakume oriotarra. Astebete zeraman ospitaleratuta, eta handik ateratzea zen bere helburu nagusia, bere etxera bueltatzea. Senarra hil zenetik bakarrik bizi da, berak hala erabakita, baina egunero izaten ditu alboan seme-alabak, bilobak eta birbilobak. Horregatik, konfinamendu garaian, familiaren joan-etorria da faltan gehien botatzen duena; baita kaleko giroa ere. Izan ere, egongelako sofatik altxa ere egin gabe, plaza inguruko giro bizia sentitu izan du beti. Orain, aldiz, kaleak hutsik ikusteak tristura ematen diola aipatzen du askotan. Konfinamenduko lehen egunetan behintzat, plazako lanek entretenitzen zuten, eta kioskoaren egitura nola jartzen zuten begira egoten zen balkoitik; lanak eten direnetik, ordea, ez dago berririk plazan, ezta moila gainean ere.

Hala ere, ez dago bakarrik egunotan. Goizean, etxeko lanekin laguntzen dio zaintzaileak, eta seme-alabek txandak antolatu dituzte berari erosketak egiteko, eta eguerdian eta arratsalde partean laguntzeko. Horrez gain, alaben sakelako mugikorrarekin bideo deiak ere egiten ditu, eta biziberritu egiten da bi urteko birbiloben barre eta algarak ikusten eta entzuten dituenean. Hala, egoera bere onera bueltatzeko irrikaz dago, familiarekin eta etxeko txikiekin goizeroko kafetxoa hartzera ateratzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide