Eesteban Gozategi oriotarrak erretiroa hartu zuen otsaila amaieran, ia bizitza osoan erriberako arotz lanetan aritu ostean. Ofizioa aitarengandik jaso zuen, Orioko Mutiozabal ontziolan, eta bertan egin dugu hitzordua berarekin, goizeko lehen orduan.
Iritsi orduko, ontziolara sartu da zuzenean Gozategi, eta adi erreparatu die hango tresna zaharrei: erremintak, moldeak, soka hezeak, egurra mozteko zerra handia... Bertan lanean aritu zen azken egunetik, duela ia hamar urte, ez zen ontziolara itzuli, eta ez zuen tokia eraberrituta ikusteko aukerarik izan. «Goizaldeko hotz heze honek lehengoa izaten jarraitzen du», adierazi du irribarrez. Gustatu zaio tokiak duen itxura berria.
Aitak erakutsitako ofizioa
«Aitak esaten zuenez, makina hau hemen zegoen haiek, 1954. urtean, lanean hasterako. Auskalo zenbat urte dituen, eta zenbat egur moztu duen!», adierazi du, egurra mozteko zerra handiari erreferentzia eginez. Gozategiren aita, Agustin Gozategi, Mutiozabalen aritu zen lanean 1954. eta 1974. urteen artean. Tarte horretan, 33 bapore egin zituen Ostolatza eta Txanka lankideekin batera. «Langile iaioak ziren denak», gogoratu du Gozategik.
Bera mutil koskorra zen ontziolara joaten hasi zenean: «Guretzat primerako aitzakia zen hona etortzea, eskolatik alde egiteko. Gustura ibiltzen nintzen mailuarekin, iltzeekin eta egur puskekin aitak jarritako lan txikiak egiten».
Konponketak egiten
Txikitatik erriberako arotzaren ofizioa ikasi arren, gazte garaian mekaniko eman zituen urte batzuk Gozategik. Gero, soldadutzatik bueltan, lanera errio bazterrera itzultzea erabaki zuen. Ordurako, egurrezko baporeen eskariak nabarmen jaitsi ziren, bezeroek burniarekin eta plastiko zuntzekin egindakoak nahi zituztelako. «Merkatuan emandako aldaketa ikusirik, egurrezko itsasontzietan konponketak egitera bideratu nuen nire lana» azaldu du. Gozategiri ez zitzaion lanik falta izan hurrengo bizpahiru hamarkadetan.
Azken urteak, Albaolan
Orion, bapore kopuruak nabarmen egin du behera azken 30 urteetan. Ondorioz, Gozategiri egoera zaila bizitzea tokatu zitzaion, 57 urterekin ia lanik gabe geratu zen. «Albaolan lanean hasteko aukera suertatu zitzaidan, zorte handia izan nuen», argitu du. Pasaiako itsas faktorian «oso gustura» jardun da lanean Gozategi. Aita eta haren lagunengandik jasotako ezagutza belaunaldi berriei transmititzeko aukera izan du. Laneko azken egunean, omenaldia egin zioten lankide, lagun eta familiakoek, berak espero gabe: «Boluntario txartela ere oparitu zidaten. Oso gustura joango natzaie bisitan, laguntzera». Amorratzen dago San Juan baleontziaren botadura ikusteko Euskal Herriko azkenetako erriberako arotza.