Gaur arratsaldetik aurrera, koronabirusa dela eta sortutako egoerarengatik, udal instalazioak eta jendaurreko jarduerak bertan behera geratuko direla jakinarazi du Orioko Udalak.
Eusko Jaurlaritzak emandako gomendioak aintzat hartu dituzte, eta gaur iluntzerako aurreikusita zegoen aparkalekuei buruzko gogoeta-saioa ere bertan behera geratzen da; aurrerago egitea da asmoa, oraindik zehaztu ezin den datan. Era berean atzeratu egingo dira ostiraleko antzerki-emanaldia eta larunbat goizeko bisita gidatua. Udalaren kultur agenda osoa bertan behera geratzen da, hortaz, bestelako abisurik jaso arte.
Kultur etxea, kiroldegia eta Musika Eskola ere itxita
Horrez gain, jendeari zerbitzua ematen dioten udal-instalazioak ere itxi egingo ditu Udalak, gaur arratsaldetik hasita, prebentzio-neurri gisa: kultur etxea, kiroldegia, musika-eskola, ludoteka eta gaztelekua. Udalaren administrazioak martxan jarraituko du, baina langileek neurriak hartuko dituzte, kutsatzeak murrizteko.
Zaharren Babeslekua ere itxita
Eusko Jaurlaritzak hala aginduta, Orioko Zaharren Babeslekua ere itxita dago gaur goizetik bestelako abisurik jaso arte.
Ikastetxeetan ere, jarduera etenda
Eusko Jaurlaritzak, bestalde, jakinarazi berri du Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztien jarduera etengo duela ostiraletik aurrera, 15 egunez. Beraz, ez Zaragueta eskola publikoan, ez Ikastola eta ez Haurreskolan ez da klaserik emango datozen 15 egunotan. Irakasleek lanean jarraituko dute, baina ikasleek etxean geratu beharko dute. Ikastetxe bakoitzak, dauzkan baliabideen arabera, ahalegina egin beharko du ikasleen lana antolatzeko, ahal den neurrian etxetik lan egin ahal izan dezaten.
Koronabirusari aurre egiteko lan-mahaia
Neurri horiek guztiak koronabirusaren zabalpena prebenitzea helburu dutela gogorarazi du Orioko Udalak. Ildo horretan, lan-mahaia osatu dute Orion, koronabirusak sortutako egoeran modu koordinatuan jarduteko. Lan-mahai horretan herriko zerbitzuetako ordezkari banak parte hartuko du, jende asko mugitzen duten elkarteekin batera: anbulatorioa, udal-zerbitzuak, kiroldegia, musika-eskola, kultur etxea, ludoteka, gaztelekua, Zaharren Babeslekua, arraun-elkartea, futbol taldea….
Udaletik jakinarazi dute aurrekaririk ez duen egoera baten aurrean dagoela herria, eta udal ordezkariek uste dute "garrantzizkoa dela guztiok batera jardutea, modu koordinatu eta eraginkorrean". Lan-mahai horretan landuko dituzte irizpideak aurrerantzean hartu beharreko neurriak erabakitzeko. Udalak azpimarratu du jarraituko duela hartzen diren neurrien berri ematen.
Koronabirusaren eragina
Koronabirusa bezala ezagutzen den pandemiak mundua hankaz gora jarri du, 2019ko abenduan Txinako Wuhan hirian lehendabizikoz antzeman zutenetik. SARS-CoV-2 birusak edo Wuhango koronabirusak Txinako mugak zeharkatu ditu, eta hilabete gutxiren epean mundu osora hedatu da. Birus horrek COVID-19 gaixotasuna eragiten du gizakiengan, eta gaur egun 114.000 kasu inguru antzeman dituzte mundu mailan. 3.600 hildakotik gora eragin ditu, horietatik gehienak Txinan bertan, baina gogor astindu ditu Iran edota Italia.
Hego Euskal Herrira ere iritsi da gaixotasuna, eta adinekoak dira zaurgarritasun maila altuenetarikoa duten giza taldea. Horrek behartu ditu adinekoak biltzen dituzten zentro, elkarte edo aisialdi guneak gainontzekoek baino neurri zorrotzagoak hartzera prebentziorako. Asteazken arratsaldean, Eusko Jaurlaritzak erretiratu eta pentsiodunen aisialdi guneak eta elkarteak ixteko agindua eman zuen, koronabirusa adinekoen artean ez zabaltzeko neurri gisa. Hori dela eta, gaurtik aurrera itxita egongo da Orioko Zaharren Babeslekua, eta elkarteko presidente Txomin Iribarrek jakinarazi duenez, asteazkenero herriko kultur etxean egiten duten bingo saioa eta hilaren 25erako antolatua zuten Orioko Erretiratuen eta Pentsiodunen Eguna ere bertan behera geratu dira. Elkarteak zehaztu du hasiera batean neurria hamalau egunetarako izango dela gutxienez, baina Eusko Jaurlaritzak irekitzeko baimena eman arte itxita jarraituko duela Zaharren Babeslekuak
Orioko Eguneko Zentroan Osakidentzak adineko zentroei emandako gomendioak jarraitzen ari dira. Ahal den neurrian bisitak murriztea gomendatu diete, baita aitona-amonei eta langileei tenperatura hartzea eta eskuak askotan garbitzea ere. Horrez gain bertara sartzen diren salbuespenezko bisitei alkoholdun xaboiarekin eskuak garbitzeko eskatzen ari dira langileak, prebentzio neurri gisa. "Osakidetzak zehaztu dituen gomendioak adinekoen egoitzetara zuzenduta daude, eta guk ezin ditugu denak bete, azpiegitura aldetik horretarako aukerarik ez dugulako. Adibidez, zentroko erabiltzaileak elkarrekin gune bakar batean ez edukitzeko eskatu dute, hau da, gela desberdinetan banatzeko, baina guk ez dugu horretarako aukerarik, Orioko Eguneko Zentroak gune handi bakarra baitu".
Eliza ere hasi da neurri zehatz batzuk hartzen. Gipuzkoako Bikaritzak ohar bat helarazi zien elizbarrutiko parrokiei larunbatean, zenbait neurri hartzeko eskatuz. Hain zuzen ere, elizaren sarrerako ur bedeinkatua kentzea, eskuak garbitzea, bakea ematerakoan eskurik ez erabiltzeko eta jaunartzean ostia ahora ez ematea eskatu diete eliztarrei.