Urrezko aizkolarien eta harrijasotzaileen finalak, irudietan eta protagonisten hitzetan

Mailo Oiarzabal 2020ko martxoaren 8a

Eskualdean gelditu ziren atzo Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokoan jarritako herri kirol finaletako txapel nagusiak. Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarra eta Xabier Peñagarikano 'Peña' harrijasotzaile aizarnazabaldarra pozik dira lortutako txapelekin.

Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Jon Rekondo Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketan, eta Xabier Peñagarikano Peña aizarnazabaldarra Urrezko Harrijasotze Txapelketan, nagusi izan ziren atzo Azpeitiko Izarraitz pilotalekuko finaletan. Biak ala biak pozik azaldu ziren amaieran egindako lanarekin eta lortutako garaipenarekin.

Mikel Larrañaga: "Ikusten genuen geure lana ondo eginez gero aukerak genituela irabazteko"

"Denek esaten zuten finala oso juxtua izango zela eta guk ere pentsatzen genuen lan zaila genuela aurretik. Era berean, ordea, eta kanporaketak nola joan diren ikusita, ikusten genuen geure lana ondo eginez gero aukerak genituela irabazteko. Izan ere, kanporaketetako saio batzuetan ez dugu geurea eman, eta uste genuen gaur geurea ematen bagenuen, irabazteko moduan izango ginela. Eta horixe pasatu da.

Bagenekien azken lanera arte ez zela hemen ezer erabakiko; aurreko lan horietan oso zaila da aldeak kentzea, lan oso motzak direlako. Azken probara ailegatu garenean, egur handi horiekin, hasierakoetan ikusten genuen enbor bakoitzeko lanerdietan batera ematen genuela buelta, baina enbor osoa bukatu lehenago. Orduan, erdi pare horretan pentsatu dugu arranke pixka bat gehiago ateratzea, horrela egin dugu, eta nire ustez hortxe egon da gakoa.

Lehen aldia da binakako txapelketa irabazten dudala, eta gustura nago. Banakakoa irabazita nengoen, orain binakakoa irabaztea zer den ere badakit, eta azkenean hori da nahi izaten dena, modalitate desberdinetan irabaztea; beste bat gehiago.

Orain, hilabete inguruko geldialdia izango dugu eta horren ondoren hasiko gara banakako txapelketarekin. Pare bat astean atseden hartu eta datorren txapelketa horretarako prestatzen hasi beharko gara, pixkanaka".

Xabier Peñagarikano 'Peña': "Hiru harriekin ibili naiz gaur oso gustura"

"Nekatuta, baina gustura nago. Lortu ditudan altxaldi kopuruetara iristerik ez nuen espero, baina borroka egiteko entrenatu gara, eta azkenean irabaztea tokatu da.

Magunazelaiak ikusmina sortu du, baina kanporaketetan ere neuk lortu ditut zenbakirik onenak. Lehen marka handiak eginak ditu, baina aspaldian harriarekin ibili gabe dago bera. Hala ere, eguna iritsi arte ez da jakiten zer aterako den.

Hiru harriekin ibili naiz gaur oso gustura, egia esan. Bola dut nik gustukoena eta gaur ere harekin lortu ditut zenbakirik onenak, eta altxaldi horiei esker lortu dut irabaztea, aurreko bietan berdinduta gelditu gara Magunazelaia eta biok.

Bi Harri Txapelketa daukagu hil honen 29an Zarautzen eta hura izango da hurrengo hitzordu nagusia. Hara joan beharko hara, dena ematera".

Argazki bilduma

Hemen, atzo arratsaldeko finaletako irudien bilduma:

[flickr_set id="72157713405397727"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide