Urrezko txapelak Azpeitira eta Aizarnazabalera

Mailo Oiarzabal 2020ko martxoaren 7a

Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Jon Rekondok irabazi dute Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa, eta Xabier Peñagarikano 'Peña' aizarnazabaldarrarentzat izan da Urrezko Harrijasotze Txapelketa. Jendetza elkartu da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan arratsaldean jokatu diren bost finalak ikusteko.

Urola Kostan gelditu dira Urrezko aizkolari eta harri-jasotzaileen finaletako txapel nagusiak. Bost final jokatu dira guztira gaur arratsaldean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, horietako bitan aritu dira eskualdeko kirolariak, eta bietan lortu dituzte garaipenak: Mikel Larrañaga azpeitiarrak, Jon Rekondorekin, irabazi du Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa, eta Xabier Peñagarikano Peña aizarnazabaldarrak, berriz, Urrezko Harrijasotze Txapelketa.

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren finala estua izango zela aurreikusten zen. Finaleko hiru bikoteak kanporaketetan pareko emaitzak lortuta iritsi dira finalera, bina kanporaketa irabazita eta bana galduta, hain zuzen. Eta estua izan da lehia, baina bi bikoteren artean. Izan ere, Iker Vicente eta Jesus Mari Mujika ondo hasi dira, aurreneko bi lanetako emaitzak batuta –erlojuaren kontrakoa eta zutikakoa– beraiek izan dira azkarrenak, baina hortik aurrera nabarmen joan dira atzean gelditzen. Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Ugaitz Mugertza Mugertza II.a, eta Larrañaga eta Rekondo, aldiz, atzetik aurrera etorri dira finalean. Oso parean ibili dira bi bikoteak abiadurako eta zutika/etzanda probetan. Horren erakusle, Larrañaga eta Rekondo segundo bakarreko aldearekin iritsi dira azken probara, lan luzera, eta hor erakutsi dute beren nagusitasuna. Bukaeran, bost lanetako denborak batuta, minutu beteko aldea atera diete txapeldunek (25'30'') Txikiari eta Mugertzari (26'30'').

Harrijasotzen, Urdax Magunazelaiarekin lehia bizian aritu ondoren jantzi du txapela Peñak. 175 kiloko laukizuzenari eta 150 kiloko kubikoari altxaldi kopuru berbera eman diete biek, bederatzina eta hamarna. 125 kiloko bolarekin erabaki behar zuten, beraz, finala, eta hor jasoaldi bat gehiago eman dio harriari Aizarnabalgoak: 16  aldiz berdindu du harria, eta Magunazelaiak 15 aldiz. Atzetik ibili da hirugarren finalista, Aimar Galarraga oriotarra, zortzi, zazpi eta hamar altxaldirekin.

Beste finalak

Beste hiru final ere jokatu dira gaur Izarraitzen. Emakumeen Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa Irati Astondoarentzat izan da, 23 urtez azpiko aizkolariena Ioritz Gisasola Zelai IV.arentzat eta Suharri Rodriguezentzat, eta 19 urtez azpikoena, berriz, Axel Larrañagarentzat eta Markel Zapiainentzat.

Giro beroa sortu dute Izarraitz frontoiko harmailak bete dituzten ikusleek. Txapelik lortu ez arren, Magunazelaiarentzat izan dira arratsaldeko txalorik beroenak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide