2019ko Euskal Automobilismo Txapelketako sariak banatu zituen Euskadiko Automobilismo Federazioak larunbatean. Iazko denboraldian egindako lanagatik hainbat auto gidari eta kopilotu saritu zituen automobilismo federazioak. Rallyetan seigarren klasean Iñaki Aiertza eta Joseba Bikendi azpeitiarrak saritu zituzten. Rallysprintean iaz egindako denboraldiagatik Jokin Aiertza auto gidari azpeitiarrak hirugarren saria jaso zuen, eta formula librean bigarren saria Iker Zinkunegi errezildarrak eta hirugarrena Aratz Aizpuru azpeitiarrak. Lurgaineko rallyetan egindako lanagatik auto gidarien lehen saria eman zioten Gorka Eizmendi oriotarrari. Iosu Beitia azkoitiarrak, berriz, mendiko lasterketetako auto gidarien hirugarren saria eskuratu zuen.
Aurtengo lasterketen egutegia
Larunbateko sari banaketa ekitaldian aurtengo auto lasterketen egutegia ere jakinarazi zuen Euskadiko Automobilismo Federazioak. Martxoaren 1ean hasiko dute auto lasterketen denboraldia Gabirian (Gipuzkoa). Urola Kosta eskualdean hainbat auto lasterketa antolatuko dituzte:
- Aian: igoera martxoaren 21ean eta slaloma (ez da puntuagarria izango) abenduaren 31n.
- Azpeitian: rallysprinta apirilaren 25ean, klasikoena uztailaren 18-19an, Urrakiko igoera urrriaren 18an eta slaloma azaroaren 29an.