Orio eta Aiako Zingira Eskolak egun osoko jaia egingo du martxoaren 1ean

Urola Kostako Hitza 2020ko otsailaren 8a

Eguerdian hasiko dute jaia txarangaz lagunduta, Orioko plazan. Handik Gaztetxera joango dira, eta bertan herri bazkaria egingo dute. Haurrentzako jolasteko txokoa egongo da, eta arratsaldean skate erakustaldia eta zuzeneko musika emanaldia eskainiko dituzte.

Zingira Eskolak webgunean duen argazkietako bat (Zingira Eskola)

Herritarrak bildu eta elkarrekin familia giroan une atsegina igaro dezaten, egun osoko egitaraua prestatu du Orio eta Aiako Zingira Eskolak martxoaren 1erako. Eguerdian hasiko dute jaia txarangaz lagunduta, Orioko plazan. Handik Etxeluze gaztetxera joango dira, eta bertan herri bazkaria egingo dute. Hurrengoa izango da menua: Zingira entsalada, paella, postrea, kafea eta kopa.

Gurasoak mahai bueltan berriketan dauden bitartean, haurrek lasai jolastu dezaten jolasteko txokoa ere egokituko dute Zingirako kideek.

Arratsaldean, 16:30ean hasita, skate erakustaldia egongo da, eta 18:00etatik aurrera zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Isuo eta Kezman eta Mikel Aranzabal igoko dira Etxeluze gaztetxeko oholtza gainera.

Sarrerak salgai

Jaian parte hartu nahi dutenek sarrerak salgai izango dituzte Kolon Txiki tabernan. Bazkarirako eta kontzerturako sarrera 20 euro kostako da, eta kontzertuetara bakarrik joan nahi dutenek sei euro ordaindu beharko dute. Bestetik, antolatzaileek zehaztu dute haurrek helduen menu bera izango dutela, baina hauek bost euro ordaindu beharko dituztela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide