Patxi Oliden 'Danbolin' hil da

Karkara.eus 2020ko urtarrilaren 15a

Goizaldean zendu da, 96 urterekin. Lan oparoa egindakoa zen arlo oso anitzetan; besteak beste, surfeko taulak egiten aitzindaria izan zen, musikagile nekagaitza, eta Oriori buruzko liburua ere bazuen argitaratua. Musika Eskolak ere bere goitizena hartu zuen.

Oliden, artxiboko irudi batean.

Goizaldean zendu da Patxi Oliden, oriotar askorentzat Patxi Danbolin, 96 urterekin. Ofizioz mekanikaria izan zen arren, arlo oso anitzetan nabarmendu zen oriotarra: surfeko oholak egiten aurrenetarikoa izan zen Euskal Herrian, 1960eko hamarkadan; musikagintzan lau mila partituratik gora sortuak zituen; eta baita bere haurtzaroko Oriori buruzko liburuxka egin ere.

Bihar, ostegunarekin, izango da haren aldeko hileta elizkizuna, parrokian, 18:00etan. Haren senitartekoek jakinarazi dutenez, gorpua etxean edukiko dute ordura arte.

Hark egindako ekarpenaren erakusle dira, besteak beste, herriko musika eskolaren izena,  Iñigo Gaiton kazetariak berari buruz egindako film laburra, eta 2015ean herrian egin zioten omenaldia.

Urteetan aurrera joanda ere, ez zen etxean geldirik egotekoa Oliden: lehen aipatutako liburuxka 85 urterekin argitaratu zuen, 2008an, eta 94 urterekin, 2017an, aurrenekoa izan zen bozkatzen Gure Esku Dagok prestatutako herri galdeketan. "Garrantzitsua da euskal herritarrok gure etorkizunaz erabakitzeko eskubidea izatea", esan zuen ordukoan.

Itxastresna surfeko taula

1960eko hamarkadan hasi zen Oliden surfeko oholak egiten herrian bertan. Aitzindaria izan zen Euskal Herrian. Itxastresna izena jarri zion aurreneko surf oholari, eta Iñigo Gaiton kazetari oriotarrak Erreplika film laburrean jaso zuen Olidenen bizitzako alderdi hori.

Euskaltzalea

Ikasketa guztiak gaztelaniaz egin zituen Olidenek; euskaraz alfabetatu gabea zen. Baina, 2008an argitaratutako Orio herrixka liburua idazten hastean, ez zuen zalantzarik izan euskaraz aritzearekin. 2008an Urola Kostako Hitza-ri eskainitako elkarrizketan, hala esan zuen: "Gure etxean beti egon izan da euskararekiko nolabaiteko zaletasuna; txiki-txikitatik ikusi izan dut etxean euskarazko zerbait. Beti landu izan dut euskara, eta hala jarraitzen dut orain ere".

Zuzentzaile lanetan aritzea ere gustuko zuen Olidenek: "Gaur egun komunikabideetan egiten diren akatsak apuntatzeko ohitura dut, adibidez. Guztietan larriena gaztelerazko formak euskaratzea dela iruditzen zait; gaur egun asko egiten da, eta euskara guztiz desitxuratzen du horrek".

ERREAKZIOAK

Joxemari Olasagasti: "Nik asko zor diot Patxi Danbolini"
"Erretiratu aurretik, Patxik Usurbilgo Lanbide Eskolan lan egin zuen, mekanika sailean. Irakasle plaza lortzeko oposizioak Tarragonan egin zituen 57 urterekin, eta ondo aprobatu ondoren, 65 urterekin jubilatu zen. Ni berak gomendatuta hasi nintzen 1978an Usurbilgo Lanbide Eskolan lanean. 1981an oposizioak aprobatu, eta 1988ra arte eskola berean lan egin genuen, berak mekanika sailean, eta nik elektrizitate-elektronika arloan. Horrez gain, aipatu nahi dut Balearen bertsoetan oinarritutako Kale Jira danborrada ere berak konposatua zuela. 1985ean sortu zuen, Balea elkartearen omenez".   

Iñigo Fernandez, Orioko Surf Taldea: "Haren filosofiari jarraituko diogu"
"Patxik, orain dela urte gutxi bere Itxas Tresna marka komertzializatzeko kontratu eskaintza bat eduki zuen arren, marka Orioko Surf Taldeari oinordetzan uztea erabaki zuen. Orioko Surf Taldeak daukan altxorrik handiena da, eta oraindik ez dugu erabaki harekin zer egin, baina ez dugu helburu komertzialekin erabiliko. Patxi surf taulak egiten hasi zen surfa ez zedin aberatsen kirola izan eta herriko neska-mutilek ere surf egin ahal zezaten, eta filosofia horri jarraituko diogu".

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide